Euripean egin dute manifestariek ibilbidearen zatirik handiena, Bilboko udaletxean hasi eta Jesusen Bihotzean amaitu dena. Martxa abiatu aurretik, adierazpenak egin dituzte ELA eta LAB sindikatuetako idazkari nagusiek, hau da, Mitxel Lakuntzak eta Garbiñe Aranburuk, hurrenez hurren.
Espainiako Kongresuan bihar bozkatuko den pentsio erreformari nahiz estatu mailako lan erreformari dagokienez, galdera bat plazaratu nahi izan du Lakuntzak: “Noren alde eigngo dute, langileon alde edo kapitalaren eta gehien dutenen alde?”. Egoera EAJk eta EH Bilduk ahalbidetu dutela gaineratu nahi izan du, eta “planteatzen diren murrizketak geldiarazteko aukera” dutela nabarmendu. Hortaz, horiek geldiarazteko lan egiteko eskatu die alderdi biei. Bestalde, ELAk Espainiako Gobernuari leporatu dio lan erreforma indargabetzeko promesa ez bete izana: “Azken egunotan esaten digute patronalarekin geldiarazi nahi dutela, baina gezurra da”. Azkenik, aurrekontuen gaiari helduta, gehiago inbertitu nahi ez izatea salatu du, “pandemian zehar ikusi dugun bezala”, eta esan du egoera horretan ezkerreko alderdiek ez daukatela beren politikak aurrera eramateko marjinik.
Garbiñe Aranburuk, aldiz, hauspotu nahi duten mobilizazio ziklo orokor berriaren baitan kokatu du gaurko manifestazioa. “Pandemiaren fase berrian indarrez sartzea” omen da ziklo horren helburua: “Ez du zerbaiten erantzuna izan behar; aurreko grebaren norabidea berreskuratu behar dugu eta ofentsiban jardun behar dugu”. Dena den, gaurkoan “begi bat Madrilen” omen dauka LABek, baina “hanka biak Euskal Herrian”. Izan ere, bideorri propioa eraikitzeko beharra eta bertako gobernua nahiz patronala interpelatzekoa azpimarratu ditu Aranburuk. Hala, Madrilen eragiteko “determinazioz eta denborarik galdu gabe” jokatzeko garaia iritsi dela uste du idazkari nagusiak. Era berean, zerbitzu publikoetarako inbertsioak hobetzeko premiari erantzuteko ordua dela adierazi du.
Arratsaldean gehiago
Bilbon ez ezik, Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan ere atera dira kalera goizean langileak, pentsiodunak eta herritarrak, oro har. Gainera, arratsaldean ere agerraldiak egongo dira herri eta eskualde askotan. Bestalde, eta gaurko mobilizazioei oihartzuna emate aldera, aktibista batzuek trenbideak moztu dituzte goizean goiz.