Azken urteetako joerari jarraikiz, turismo sektoreari bultzada emateko apustua egiten segitzen du Bilboko Udalak. Bada, datozen urteetan jardun hori gidatuko duten ildoak aurkeztu dituzte gaur.
Bi fase nagusi izango ditu Bilbao Bizkaia Turismo Estrategia 2030 izeneko planak. Lehenengoak 2022tik 2024ra bitartean gauzatu beharreko ekintzak barnebiltzen ditu, eta 2020ko martxoan eztanda egin zuen Koronabirusaren krisiak eragindako beherakadatik errekuperatzea du xede. Hala, udal ordezkariek espero dute 2023. urtearen amaierarako pandemia aurreko zifretara iristea. Azpimarratu behar da turismoa goranzko joera bete-betean zegoela garai hartan, eta 2019an inoiz baino turista gehiago hartu zituela lurraldeak. Bilbon, zehazki, 1,1 milioi izan ziren bisitariak.
"Sektorea eraldatzea" izango omen da hurrengo urratsa, eta hiru ardatz nagusi izango ditu fase horrek: "Lankidetza, jasangarritasuna eta digitalizazioa". Bilbao Bizkaia markaren aldeko apustuari eutsiko diote, eta, horren baitan, kultura, natura, paisaiak edota gastronomia ezagutarazi nahi dituzte, “ardatz atlantikoko erreferente gisa kokatzeko; nortasun propioa, anitza eta eraldaketarako gaitasuna izateagatik, parekorik gabeko erreferentea”.
Turismoaren sektoreko 250 enpresa eta eragilerekin batera gauzatutako partaidetza prozesu bat izan da gaur aurkeztu duten estrategiaren oinarrietako bat, azaldu dutenez.
Ekitaldi handiak izan dira giltzarri
"Bilbao Bizkaian nagusi den turismo jarduera mota ekitaldiena da, eta ondoren kultura jarduera dator. Zifretan adieraziz gero, batez ere Bilbon biltzen da, ekitaldien % 63 eta kultura programazioaren % 45 hartzen baitu". Horiek dira udal ordezkariek azpimarratutako datuak.
Izan ere, azkenaldian masa ekitaldien aldeko apustua egiten dihardu Bilbo hiriak. Horren adibide ditugu, besteak beste, 2019ko MTV Music Awards sariak, BBK Live musika jaialdia, Errugbiko Europako finalak eta futboleko Eurocopa ekartzeko saiakera (aforoak mugatu behar izatearen ondorioz, azkenean UEFAk erabaki zuen Bilbo ez izatea egoitzetako bat). Ekitaldi horiek, baina, ez dute bilbotar guztien onespena lortu, eta hainbatek salatu dute jendetza erakartzera bideratutako erabaki horiek bertoko gizartearentzako kalteak dakartzatela (bizitzaren garestitzea, neurri txikiko kultur eta aisia ekimenentzako laguntzak murriztea, etab.) edota soilik kontsumora bideratuta daudela.
Bada, aipatutakoez gain, ekimen handien antolatzaileekin hitzarmenak egiten jarraitzen du Juan Mari Aburto alkatea buru duen udal gobernuak. Udara begira, Hondarribia Blues Festival zena aurrerantzean Bizkaiko hiriburuan egingo da aurtengo udatik aurrera, Bilbo Blues Festival izenpean. Kirol arloan ere bai; izan ere, saskibaloiko nazioarteko federazioak (FIBA) antolatutako Basketball Champions League txapelketako Final Four-a Miribillako Bilbao Arenan jokatuko da. Eta, horrez gain, munduko txirrindulari probarik entzutetsuena, Frantziako Tourra alegia, hirian hasi eta amaituko da datorren urtean.
"Turismo arduratsurako jarraibideak"
Arestian aipatu bezala, aurkezpenean jasangarritasuna aipatu dute turismoaren eraldaketarako ardatz nagusien artean. Hori gidatuko duten irizpideen erreferentzia esparrua Nazio Batuek definitutako Garapen Jasangarrirako 2030eko helburuak izango direla zehaztu dute. "Inpaktu sozioekonomikoa" sorrarazteaz bat, bisitariak "modu orekatu eta jasangarrian" erakarri nahi dituzte turismo estrategia diseinatu dutenek. Horretarako, jakinarazi dute "turismo arduratsurako jarraibideak formulatzeko" asmoa dutela.
Hala, probintzia mailan bisitarien oreka sustatu nahi dute, "turismo fluxuak lurraldean banatuz". Era berean, sasoikotasuna gainditu eta bisitariak urte osoan zehar etor daitezen nahi dute, oporraldi nagusietan soilik zentratu beharrean.