Sindikatuen txanda goizean izango da. Azken urteetan gertatu izan den bezala, ez da deialdi bateratu eta bakarra egingo. Goiztiarrenak LABekoak izango dira, 11:00etan abiatuko baitira Zabalburu plazatik. Geroxeago, 11:30ean, Jesusen Bihotzetik aterako den mobilizazioan parte hartuko dute, besteak beste, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek. Ordu berean baina metro batzuk aurrerago jarri dute hitzordua CNT eta CGT anarkosindikalistek, ESKrekin eta Steilasekin batera, Kale Nagusiko 56-58an.
Arratsaldean ere izango dira manifestazioak, Bilboko Langile Autodefentsa Sareak deitua bata, eta Kontseilu Sozialistak bestea. Bilboko Langile Autodefentsa sarearena 17:00etan abiatuko da 7 kaleetatik, Etxebarrieta Anaien plazatik zehazki. Kapitalaren zapalkuntzaren aurrean: memoria, autodefentsa eta klase-elkartasuna izango da lelo nagusia, eta deialdiaren testu osoa hemen irakur daiteke.
Kontseilu Sozialistaren kasuan, aldiz, Krisi kapitalista garaian sozialismoa eraikitzen leloa hautatu dute, eta 18:00etan hasiko dute manifestazioa Eliptika plazan. Euskal Herriko Kontseilu Sozialistek adierazpen bateratua argitaratu dute data horren bueltan.
Bestalde, Langileen Egunaren harira egindako irakurketa argitaratu du gaur AZET Etxebizitza Sindikatuak. Uriolaren komunitateko atalean irakur daiteke.