Hautetsontziak irekitzeko 48 ordu baino gutxiago falta direla hiru hautagaitzek haien entrenatzailea zein izango den argitu dute. Arechabaleta eman zuen lehen pausua Bielsa aurkezten eta gaur Barkalak eta Uriartek, ia aldi berean Valverde aurkeztu dute haien entrenatzaile bezala. Hiru hautagaiek taldea ezagutzen duten entrenatzaileen aldeko apustua egin dute eta Bielsa edo Valverde berriz bueltatuko dira San Mamesera.
Kirol proiektuaren aurkezpenean Uriartek ez zuen argitu izan nahi entrenatzailearen izena. "Hurrengo 24 edo 48 orduetan" argitaratuko zuela azaldu zuen. Kazetariek Valverde izango bazen galdetu zioten eta asmatu zuten. Gaur, Athletic-en jada bi aldiz entrenatu duen eta taldearen jokalari ohia izan dena aurkeztu dute.
Valverde San Mames berria estreinatu zuen entrenatzailea izan zen eta lehen denboraldian taldea txapeldunen ligara eraman zuen; taldekako multzora eramatea lortu zuen. Ez zuen final zortzirenetarako sailkapena lortu baina Europa Ligara sailkapena lortu zuen. Txapelketa honetan 2015-2016 denboraldian final laurdenetarako lortutako sailkapena izan da lorpen handiena baina denboraldi guztietan eskuratu zuen sailkapena. Bera joan zenetik taldeak ez du berriz Europan jokatu.
Gainera, 2016 kopako finalera heldu zen eta urte berean 31 urtetan lehen titulua eman zion Athletic-i superkopa irabazi ostean. Ernesto Valverde entrenatzaile gisa partida gehien jokatu dituena da. 306 izan dira guztira eta garaipen gehien dituen bigarren entrenatzailea da, Clementek baino bat gutxiagorekin (101 ligan eta 140 guztira).
“Ernestoren konfiantza izatea oso berri ona da guretzako, izan ere, Athletic azken 25 urteetan izan duen entrenatzaile arrakastatsuena da”, azpimarratu du Jon Uriartek. "Ezin hobea" beraren proiektuarentzat. Valverde "egonkortasun handiena eman dezakeen entrenatzailea" dela adierazi du Uriartek. Apustu arriskutsuagoak baloratu badituzte ere taldearen "ezagutza sakona" eta "harrobia eta gazteen aldeko apustua" egiteko entrenatzailea da IZAN Athletic hautagaitzarentzat.
"Ernestoren konfiantza izatea oso berri ona da guretzako, izan ere, Athletic azken 25 urteetan izan duen entrenatzaile arrakastatsuena da"
Azken orduko arazoa Carlos Aviñarekin
Jon Uriarte ez du gehiago itxaron izan nahi, batez ere atzo izandako arazoengatik. Kirol proiektuaren aurkezpenarekin batera, horren zuzendaria aurkeztu zuen, Carlos Aviña. 31 urteko mexikarra IZAN Athletic-en proiektuaren pertsona oso garrantzitsua izango zen eta kirol proiektu osoaren arduraduna izateko aukeratua izan zen. Gaztea izan arren esperientzia izan du Mexikoko American eta Belgikako Cercle Brugges taldeetan. Gainera BigDatan aditua da eta enpresen administrazioa eta zuzendaritzan lizentziafuna da, beraz horrelako proiektuak zuzentzeko kapaza da.
Aurkeztutako proiektuaren beste zatiekin batera aurrera zihoan Uriarteren ideia baina goizean zehar, Carlos Aviñak duela 9-10 urte idatzitako txio matxista, arrazista eta LGTBIQ+-fobo batzuk filtratu ziren eta hautagaitzak atzerapauso bat eman behar izan zuen. Hauen egiazkotasuna aztertu ostean eta Aviñarekin hitz egin ostean elkarlanean ez jarraitzea erabaki dutela adierazi du IZAN Athletic-ek komunikatu baten bidez.
"Sare sozialetan biralizatutako Twitterreko mezuak bateraezinak dira IZAN Athleticen hautagaitzaren balioekin, eta horregatik erabaki hau hartu dugu". Berdintasunarekin, aniztasunarekin eta pertsonekiko errespetu osoarekin "%100ean konprometituta" daudela adierazi dute. Aviñak bere aldetik damua eta arbuioa adierazi du eta hauteskunde-prozesutik kanpo geratzea onartu da. Arazo honen ostean denbora gutxi izango du Uriartek kirol zuzendari berri bat aurkitzeko.
Barkala, izen guztiak aurkeztu dituen bakarra
Ricardo Barkalarena izan da izen guztiak aurkeztu dituen hautagaitza bakarra. Azken asteetan Pochettinoren izena agertu da BarkalaGeuria hautagaitzaren inguruan baina argentinarra PSGren entrenatzailea izaten jarraitzen du eta Valverde izan da hautatutakoa. Barkala edo Uriarte irabazle "Txingurri" entrenatzailea izango da eta hauteskundeetan arrakasta izateko aukera gehien duena da.
Ramon Planes izango da futbol zuzendaria eta proiektuaren maila gorenean egongo da Andoni Imazekin batera, erakundeen arteko harremanen eta nazioartekotzearen arduraduna. Horren barruan lau atal edukiko ditu. Jokalarien bereganatzea eta scouting-a (Manu Franco), metodologia (Bingen Arostegi), Athletic LAB (Jordi García eta Bernardo Hernández) eta mediku zerbitzuak.
Barkalaren kirol proiektuaren ardatza, Lezama izango da. Teknologia metodo berrien bitartez Lezamako berrikuntza eta eraldaketa sustatu nahi da. Jokalariak bereganatzea, horien artean aukeratzea, talentua Lezaman mantentzea, formakuntza ematea, eta jokalari horien gestioa izango da prozesu osoa. Horretarako inbertsioa eta baliabideak handituko ditu Barkalak.
Hiru entrenatzaileak argitara
Athleticzaleek itxaron behar izan badute ere, bi egunen faltan entrenatzaile guztien izenak mahai gainean daude. Argi eta garbi geratu da entrenatzailearen postua erabaki beharrik ez balego hauteskundeak oso ezberdinak izango zirela. Barkala eta Uriarte haien proiektuari indarra eman beharko diote entrenatzaile bera dutelako. Arechabaleta berriz, entrenatzaile ezberdina du eta alde horretatik Bielsaren aldekoen botoak irabazi dezake, baina oraindik kirol proiektua aurkezteke dauka.