Bilboko Gobernu Batzordeak Artxandako pasealekuko begiralekua eta Enekuri Eraztun Berdetik lotzeko egurrezko pasabidea eraikitzeko proiektua onetsi du. Pasabide osoa egurrezkoa izango da, eta argiztatuta egongo da. BI-604 errepidearen gaineko zubitik abiatuko da, Esclavas de Fátima ikastetxe ingurutik, eta Elorriaga edo Banderas mendiaren tontorretik igaro ostean, Berriz bidetik jarraituko du, Artxandako begiralekuko pasealekuraino. 1,5 kilometroko luzera izango du guztira, eta gutxienez bi metroko zabalera tarte guztietan. Bestalde, pasabidean zehar bi begiratoki egongo dira. Obra datozen egunetan aterako da lizitaziora. 2.289.622,08 euroko aurrekontua izango du, eta bederatzi hilabeteko exekuzio-epea.
Planari kritikak
Ez da Artxanda Aktibatzeko Planaren baitan irisgarritasuna hobetzeko eraiki duten lehenengo pasabidea. Izan ere, martxoaz geroztik erabilgarri dago Artxandako funikularraren geltokiaren ingurutik Burdin Hesiko lubakietaraino doana.
Plan horrek hainbat kritika jaso ditu azken hilabeteetan zehar. Besteak beste, inguruak dituen beharrizanetarako hankamotz geratzen dela uste dute Auzo Elkarteen Federazioak eta Ekologistak Martxan elkarteak, eta Plan Berezi bat eskatu izan dute.