Hamar egun baino ez Euskaraldirako

uriola.eus 2022ko aza. 8a, 13:04

Itxaronaldia azken txanpan sartu den honetan, antolatzaileek herritarrak animatu dituzte berandu baino lehen izena ematera eta euskararen inguruko ariketa praktikoaren hirugarren edizioan parte hartzera.

Txapa banaketa abian dago jada, baina Euskaraldia hasi arte aukera dago ahobizi nahiz belarriprest gisa izena emateko. Euskaraldia.eus webgunearen bitartez egin daiteke. Azaroaren 18an abiatuko da ekimena, eta abenduaren 2ra arte iraungo du, Euskararen Egunaren bezperara arte, hain zuzen ere. Gaur goizean Donostian gizarte eta kultur arloko hainbat ordezkarirekin batera egindako agerraldian, antolatzaileek azaldu dute “erritmo onean” doala izen ematea. Maialen Chourraut, Joseba Usabiaga eta Xabier Saldiasekin batera, Euskaraldiko koordinatzaile Goiatz Urkijo, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuorde Miren Dobaran, Euskarabideako zuzendari Mikel Arregi eta Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari Kike Amonarrizek ere parte hartu dute prentsaurrekoan.

15 egunetan ahobizi eta belarriprest txapa

Ariketa jendetsua izateari garrantzia handia eman diote sustatzaileek, parte hartzaileen hizkuntza ohiturak aldatzeko inguruan belarriprest eta ahobizi ugari izatea lagungarria denez gero.

Bada, herririk herri txapak banatzen hasi dira jadanik Euskaraldia batzordeetako kideak. Milaka ahobizi eta belarriprest txapa banatuko dira ariketa soziala hasi arteko azken bi asteetan. Izena eman duten eta hurrengo egunetan izena emango duten kide guztiek 15 egunotan txapak jantzita eramateko deia egiteko baliatu dute gaurko prentsaurrekoa. Izan ere, aurreko bi edizioetan egindako ikerketek erakutsi dute ahobizi edo belarriprest modura identifikatzeak asko lagundu duela hizkuntza ohituren aldaketetan. Banderatxoen, kartelen nahiz arroparen bitartez ariketaren ikusgarritasuna areagotzera ere animatu dituzte parte-hartzaileak. Bilboren kasuan, Alde Zaharrean ireki berri duten lokalean egongo da horiek eskuratzeko puntu finkoa.

Erronkak, ohiturak aldatzeko abiapuntu

Partaide guztiei hizkuntza ohiturak aldatzeko erronka zehatzak jartzeko gonbitea ere egin nahi izan diete bozeramaileek gaurkoan, euskarazko harremanak areagotu eta hizkuntza portaera berriak probatze aldera.

Azken hilabeteetan herriz herri martxan egon diren Hitzez Ekiteko ekitaldietan Euskaraldiaren aurreko edizioetan izandako lorpenak eta hirugarren Euskaraldirako proposatutako erronkak azaleratu dituzte milaka hiztunek.

Udalak ere bat egin du

Berriki, Juan Mari Aburto alkateak Bilboko Euskaraldiaren lokala bisitatu du, eta azken bi edizioetan egin bezala, izena eman du aurtengoan ere. Horrekin batera, hiritarrak animatu nahi izan ditu ariketan parte hartzera: “Pertsona bakoitzak hautatzen duen moduan, betiere Bilbo gero eta hiri euskaldunagoa izateko ekarpena egitea delarik axolazkoena".