Auzitegi Nazionalak aske utzi eta gero, Nagore Mujika Deustun dago jada

uriola.eus 2014ko urr. 24a, 09:40

Nagore Mujika larunbatean atxilotu zuen Guardia Zibilak Alakanten, bere sei urteko alabarekin batera; astelehenean, Ismael Moreno epaileak bermerik gabe espetxeratzeko agindua eman zuen, eta atzo, hiru egun geroago, berme gabe aske utzi zuten. Gaur, 19:30ean, mobilizazioa deitu dute Done Petrin bere senide, lagun eta auzokideek "montaia hau" salatzeko.

Mujika Villenako espetxeko parkinean atxilotu zuten larunbatean, urriak 18, bere bikotekidearekin bisita izan ondoren. Atxiloketaren unean argitu ziotenez, Auzitegi Nazionaleko zitazio batek bere atxiloketa exijitzen zuen 1992ko sumario batengatik.

Naiz agerkari digitalak jakitera eman duenez, fiskaltzak egindago txosten baten arabera, Nagore Mujikari leporatzen dizkioten frogak, Polizia batzuek egindako deklarazioetan oinarritzen dira, ondoren, epailearen aurrean ukatu zituztenak; eta ondorioz, Ismael Morenok Mujika bermerik gabe aske uzteko erabakia hartu zuen atzo. Era berean, fiskaltzak jakitera eman du txostenean, Oskar Abad eta Jose Ramon Martinez Garcia, kasu honetan inputatutako beste bi herritar, 1996an absolbitu zituztela argudio berdinak erabilita. Momentu hartan Auzitegi Nazionalak erabaki zuen polizien deklarazioak "ez zirela nahikoa" zigorra ezartzeko. Gainera, Ministerio Publikoko ordezkariak argitu du, "une prozesal egokian" kasuaren artxibatzea aztertuko dela.

Mujikaren askatasunaren berri jakin aurretik, bere senide, lagun eta auzokideek; eragile sozial, sindikal eta politiko ezberdinetako kideekin batera, agerraldia eskaini zuten atzo goizean Deustuko Done Petri plazan. Bertan, Mujikaren atxiloketaren aurrean bizitako "egonezina" adierazi zuten eta mobilizazio berri bat deitu zuten gaurko, 19:30ean, Done Petrin, Mujikaren askatasuna exijitzeko.

Deialdi hau mantentzea erabaki dute deitzaileek eta beraz, "egungo testuinguru politikoan horrelako gertaerak jazotzearen aurrean euren ulertezintasuna eta sumindura" adierazi eta jasandako "muntaia" salatuko dute.

Nagore Mujika 2008an aske geratu zen 12 urteko espetxe zigorra bete eta gero. 1996an atxilotu zuten Frantzian ETArekin harremanetan egotea egotzita. Bertan 6 urte bete eta gero Espainiaratu egin zuten. 2008ko abenduan libre geratu zen.

[2014/10/21] Nagore Mujikaren atxiloketaren "zentzugabekeria eta krudeltasuna" salatu ditu Deustuko ezker abertzaleak

[2014/10/20] Nagore Mujika bermerik gabe espetxera bidali du epaileak

[2014/10/21] Nagore Mujikaren atxiloketaren "zentzugabekeria eta krudeltasuna" salatu ditu Deustuko ezker abertzaleak

[2014/10/22] Nagore Mujikaren lagun eta auzokideek mobilizazioak deituko dituzte