2013ko Gazte Dabadako ekitaldian "terrorismoa goratzea" leporatuta epaituko dituzte Irati Sienra deustuarra, Gotzon Elizburu, Maialen Etxebarria, Mikel Button, Aitor Anda, Garazi Mugertza, Mikel Moreno eta Topatu.info atariko Iraitz Salegi kazetariaria. Fiskaltzak eta AVTren akusazio partikularrak 18 eta 24 hilabete arteko espetxe zigorra eskatu dute haietako bakoitzarentzat.
Aurreko epaiketa, maiatzaren 28koa, hasi eta berehala eten zuen epaileak, auzipetuek maiatzaren 17-18ko herri harresia irudikatu zutenean elkarren artean eskuak gurutzatuz eta epaileari bizkarra emanez "Euskal gazteria aurrera!" oihu artean. Gaur ekingo diote beraz epaiketari eta besteak beste, Deustun elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean, prozesu hau salatzeko.
Martxa Done Petri plazatik abiatu zen 19:00ak aldera eta bertan salatu zutenez, "egungo testuinguruan, estatua da Euskal Herriaren kontrako guda-estrategia mantentzen duen bakarra eta epaiketa hau horren argibide garbia da". Beraz, "argi utzi" zuten "estrategia horrek" ez duela "Euskal Herria makurtuko; are gutxiago euskal gazteria" eta Euskal Herria libre, sozialista eta feminista baten alde borrokatzeko "konpromisoa firme mantenduko" dutela.
[2014/12/18] Kartzela zigor eskaria Topatuko kide bat, Ernaiko zazpi eta Periko Solabarriarentzat
[2015/05/28] Gaur epaituko dituzte Irati Sienra, Iraitz Salegi eta Ernaiko beste 6 kide
[2015/05/28] Ekainaren 11ra atzeratu dute Irati Sienra eta beste 7 gazteen aurkako epaiketa