1980ko otsailaren 1ean Madrilen hil zuten Yolanda, ikasle zela, 19 urte zituela. Batallón Vasco Españolek erail zuen bi tiroz ETAkidea zelakoan. Yolanda ez zen ETAkidea, PST alderdiko militante gaztea zen. Hilketa harengatik Emilio Hellin ultraeskuindarrari 43 urteko espetxe zigorra ezarri zioten arren, 14 baino ez zituen kartzelan igaro.
Yolandaren izena kale edota plaza bati jartzeko proposamenak Madrilen aurrera egin badu, "Bilbon zergatik ez", zioen Asier Gonzalezek -Yolandaren nebak- 2014ko urrian Bilboko Udal Erregistroaren atarian. Orduan, Deustuko Erriberako plazatxoari Yolanda Gonzalezen izena ofizialki jartzeko eskaria egin zuten hainbat auzotarrek Bilboko Udal Erregistroan. Euskalduna Zubia auzo elkarteren proposamena zen, Deustuibarrako eta Zorrotzaurreko norbanakoen eta elkarteen babes zabala jaso zuena. Izan ere, 450 bizilagunetatik 333ren atxikimendua jaso zuen eskariak. "Sinbolikoki bada ere, gehiegi sufritu duen familia honekiko gutxieneko irain-kitatze modura, Yolandaren memoriaren alde edo haren orotzaipenetan", luzatu zioten proposamena Bilboko Udalari.
Madaleno bezala ezagutzen den eraikinaren ondoan dagoen plazatxoak egun ez du izenik. Bertatik gertu dago Yolandaren jaiotetxea, Deustuibarra 68an, hain zuzen ere. Plazatxo horri Yolandaren izena emateko eskaria egin dute auzokideek.
Eskaria Bilboko alkatetzak aztertu behar zuen. Alkatetzari eta, azken unean, Areso alkateari zegokion -orain Juan Maria Aburtori- proposamena onartzea edo baztertzea. Bilbon Alkatetzak du soilik kale izendegiari dagozkion erabakiak hartzeko eskumena. Izen gabeko plazatxoa izaki, eta aldaketak "atari bakarrari eragingo diolarik", baikor ziren iaz bai Asier bai Deustuibarra eta Zorrotzaurreko auzotarrak. Madrilen, PPren gobernuak, Yolandaren izena parke bati emango badio, "zergatik ez da proposamena aurrera aterako Bilbon", zioen Asier Gonzalezek eskaria Udal Erregistroan aurkeztu baino lehen.
Udalaren "baiezko" erantzuna "lehenbailehen" espero zuten. "Ahal dela", 2015eko otsailaren 1a baino lehen. Egun horixe zen, Yolandaren "zorigaiztoko heriotzaren" 35. urteurrena, eta auzotarrek "haren izena duen plazatxoan bertan" egitea nahi zuten urteurreneko "oroitzapen-ekitaldi xumea". Baina ez zen horrela izan Bilboko Udalaren erantzun faltagatik. Horregatik, aurtengo omenaldian auzotarrek eurek plazatxoari ipinitako Yolanda Gonzalezen plaka ikus zitekeen bere omenez margoztutako horma-irudiaren ondoan.
[2015/02/02] Yolanda Gonzalez gogoan izan dute Deustuibarran bere erailketaren 35. urteurrenean
[2014/10/13] Yolanga Gonzalez gogora ekarriko dute Deustuibarran, bere heriotzaren 35. urteurrenean
[2013/07/04] Hellini buruz egindako ikerketak "etsita" utzi du Yolanda Gonzalezen sendia
[2013/07/03] Barne ministroaren azalpenen zain Yolanda Gonzalezen hurbilekoak
[2013/06/25] Yolanda Gonzalezen hilketaren inguruko zigorgabetasuna salatuko dute gaur Deustun
[2013/06/24] Yolanda Gonzalezen hilketaren inguruko zigorgabetasuna salatuko dute asteartean Deustun
[2013/06/18] Yolanda Gonzalezen hilketaren inguruko zigorgabetasuna salatuko dute Deustun
[2013/06/14] Gasteizko legebiltzarrak Yolanda Gonzalezen sendia babestu du
[2013/04/15] Yolanda Gonzalez gogoratu dute Madrileko Puerta del Solen
[2013/03/07] Yolandaren omenezko horma-irudia margotzeko deia larunbaterako
[2013/03/06] "Yolanda gogoan", gutun irekia Bilboko alkateari
[2013/02/27] Zalaparta handia komunikabideetan Yolanda Gonzalezen hiltzailearen harira
[2013/02/25] Yolanda Gonzalezen hiltzailea, Guardia Zibilaren eta Ertzaintzaren aholkulari
[2013/02/03] Yolanda Gonzalez gogoratu dute Deustuko Erriberan, haren erailketaren 33. urteurrenean
[2013/01/30] Yolanda Gonzalezen omenezko ekitaldia ostiralean Erriberan