Deustuko Arraun Taldea: "Arrauna sustatzen jarraitu behar dugu"

uriola.eus 2016ko ira. 12a, 10:32

Argazkia: www.deustuarrauntaldea.com

Kontxako Banderako bi jardunaldietako denborak zenbatuta, zazpigarren postua eskuratuta eman dute amaitutzat Deustuko Arraun Taldeko neskek euren lehen denboraldia. Oro har, emaitza "espero baino hobea" izan da Borja Rodrigo klubeko ordezkariaren esanetan, "izan duten oihartzunagatik eta egindako lan onagatik".

Arraun denboraldia bukatuta, hilabeteko oporraldia izango dute bai neskek bai senior mailako mutilek. Urrian itzuliko dira entrenatzera. 2016/17ko denboraldian arraunlarien gehiengoari eutsi nahi lioke Borja Rodrigok. 

Pozik dago klubeko ordezkaria Kontxako biharamunean. Nesken traineru bat osatu ahal izatea "puntazoa" izan dela dio. Batik bat, "eurentzat". "Lehen ezin zutelako traineruen diziplinan lehiatu". Izan ere, Bizkaian "ez dago oso orekatuta" arrauna. Horregatik bai Bilbon bai Bizkaian "arrauna sustatzen jarraitu behar dugu". 

"Historikoa" izan da Bilboko talde baten parte-hartzea Kontxako Banderako finalean. Are gehiago denboraldi honetan estropadetan lehiatu den Bizkaiko traineru bakarra izan delako Deustukoa. Hori dela eta, "jendeak bat egin du eurekin". Taldekideen gaztetasuna kontutan harturik, 18-19 urtekoak dira hainbat arraunlari, "oso gazteak", "ondo baino hobeto" lan egin dute. "Entrenatzaileak bloke bat osatu behar izan du batel, trainerilla eta traineruko arraunlariak batuz eta teknika irakatsiz. Emaitza "espero baino hobea izan da". Gipuzkoako Emakumezkoen VII. Traineru Ligan (gonbidatu gisa parte hartu dute) zazpigarren geratu dira, bederatzi talderen artean, eta zazpigarren baita IX. Emakumezkoen Kontxako Banderan, zortzi ontziren artean. 

 

Ikasturte berrian lan asko egiteko

10-17 urte bitarteko kategorietan eta Arraun Eskolan hasi dute jada ikasturte berriaren prestaketa Deustuko Erriberako pabiloian. Aurreko ikasturteetako ume eta gazteak ez ezik asko izan dira lehen aldiz gerturatu direnak. "Ikusgarria izan da", Borja Rodrigoren esanetan. Komunikabideetan izandako "oihartzunak" lagun asko "erakarri ditu" klubera. Berri ona da, "Bizkaian oro har lan asko baitago egiteko; asko hobetu behar dugu". 

deustuarrauntaldea.com

 

[2016-09-09] Kontxako finaleko bigarren jardunaldian “estropada on bat” egitea espero dute Deustuko arraunlariek

[2016-09-02] Deustuko neskak Kontxako Banderako finalean

[2016-09-01] Deustuko arraunlariak arratsaldean lehiatuko dira Kontxan