Gogoa, ilusioa eta aktibazioa

prestaldizkaria 2017ko aza. 23a, 09:18

Deustualdeko 11 Egun Euskaraz egitasmoari hasiera eman aurretik, bezperan, hainbat lagun bildu dira Done Petri plazan gogotsu, ilusioz beteta, aktibatzeko prest. 

Done Petri plazara, familia argazkia egitera, adin guztietako lagunak hurbildu dira; ume, gazte eta helduak. Sekulako giroa sortu da plazan. Adi-adi jarraitzen dituzte eskailerara igota dagoen argazkilariaren aginduak. Geldi eta irribarretsu egoteko esan die musika kioskoaren inguruan  dioen pankartaren bueltan pilatu diren dozenaka lagunei. Bitartean, Santa Zezilia musikarien eguna izaki, Deustuko txistulariak, eurak ere partaideen artean, Ikusi mendizaleakAraban bagare eta L´estaca interpretatzen ari dira. Martxan da euskaldunen aktibazio prozesua Deustualdean.

Hamaika egunez, azaroaren 23tik abenduaren 3ra, euskara erabiltzeko konpromisoa hartu dute Deustualdeko 900 lagunek baino gehiagok. Laster 1.000 izatera iritsiko dira. Izan ere, azken orduko izen-emate ugari izan dira. Ahobizi eta Belarriprest txapa soinean dutela, hizkuntza-ohiturak aldatzeko egitasmoan parte hartuko dute denek. Ahobiziek euren egunerokoan euskaraz hitz egingo dute bai euskaldunekin bai ezezagunekin. Hortaz, lehen eta bigarren hitza euskaraz egingo dute. Belarriprestek harrera baikorra agertuko diote euskaraz egiten dienari, eta euskaraz erantzuten ahaleginduko dira, ahal duten neurrian. 

Azaroaren 30ean Ahobizi eta Belarriprestek topaketa egingo dute Bidarte udaltegian 19.30ean esperientziak trukatzeko eta abenduaren 3an, ekimenari amaiera emateko, Euskararen Egunean, egun osoko egitaraua eta festa prestatu dute.

11eguneuskaraz.blogariak.net

[2017-11-21] Deustualdean, ostegunetik aurrera, '11 Egun Euskaraz'

[2017-11-07] Ahaldundu eta aktibatu, euskal komunitatearen erronka

[2017-10-30] Jon Intxaurraga: 11 egun elegante!

[2017-09-20] Erronka: hamaika egunez ahobizi eta belarriprest

[2017-09-19] Deustualdeko euskaldunek hamaika egunez euskaraz bizitzeko konpromisoa hartuko dute