Euriak zapuztu ezin duen jai gogoa

prestaldizkaria 2018ko mar. 22a, 13:18

Deustuko jaiak euritsu bezain indartsu hasi dira. Eguraldi txarrak egitarauan hainbat aldaketa eragin arren, ez ditu deustuarren elkartzeko eta ondo pasatzeko jarduerak eten. Gaur, mintzodromoa eta bertso saioa izango dira, 19:00etan eta 20:00etan, hurrenez hurren.

“Euriak ezin izango du gurekin” esaldia errepikatu eta errepikatu aritu dira Deustuko Jai Batzordeko kideak. Eta esan eta izan. Euriagatik hainbait jarduera bertan behera geratu dira eta beste hainbat Euskalduna zubipera leku aldatu dira. Baina, eguraldia aurka izan arren, Deustuko jaiek ez dute etenik izan. Egitarauari egokitzapena eta aldaketa eta guzti, baina eutsi diote. 

Lehen egunean, eguraldi iragarpen oso txarra bazegoen ere, ateri mantendu zen. Bihotz Alai taldeko kideek pregoi laburra irakurri zuten, eta segidan hasi zen konpartsa eta kuadrillen kalejira. Mozorro asko eta oso originalak ikusteko aukera izan zen. Kontzertuek jende piloa erakarri zuten. Gozatu ederra hartu zuten musikazaleek Sustrajah Band talde berriarekin, Galukomarekin eta Joseba B. Lenoirrekin. Karpa eta txosna gunea bete-bete egin ziren. 

Bigarren egunean 22 paella aurkeztu ziren lehiaketara. Konpartsa eta gazte kuadrillak ez ezik guraso kuadrilla ugari animatu ziren parte hartzera. Mahaiak eta aulkiak ez ziren denentzat iritsi, azken urteetan bezala, aurreikuspena oso labur geratu zen, Jai Batzordearen arabera, parte-hartzea “gero eta handiagoa delako”. Eguraldiagatik, haize korronte artean, Euskalduna zubipean elkartu ziren hainbat deustuar bazkaltzera. Umeek ere bertan egin zituzten eskulanak. Barraketan ere ibili ziren umeak. Egun osoan zehar, barrakak lepo beteta egon ziren. 

Gauean, parranda goizaldeko 5ak arte luzatu zen. Jende anitza elkartu zen txosna gunean. Aurreko egunean baino jende gutxiago hurbildu zen txosnetara, eta horri esker edaria eskatzeko ez zen arazorik izan.  

Igandean, Deustuko alkatearekin egin ohi den kalejirari eta Andrazkoen Aurreskuari bustita bada ere eutsi zioten dantzariek. Bildots errea jateko karpapean babestu behar izan zuten eta pilota partidua bertan behera utzi zuten. Herri giroa nagusitu zen, deustuarren eguna izaten delako. 

 

Bigarren asteburua

Ume eta gazteek izango dute protagonismoa bigarren asteburuan. Besteak beste, suzko zezena, playbacka eta kuadrillen olinpiadak prestatu dituzte eurentzat. 

Tomate eta tortilla txapelketa gastronomiak izango dira martxoaren  24an eta 25ean, hurrenez hurren. 

Larunbatean, azpimarratzekoa da Front Off bertako taldeen musika jaialdia eta igandean, azken egunean, Botikazarreko txosnak itxi eta Done Petrin tomatea erre ostean Jai Batzordearen txosnaren inguruan sortzen den giro herrikoia. Azken txinpartak erretzen luzatu ohi dira deustuarrak.  

 

[2018-03-19] Giro ederra eta jendetza Deustuko jaien hasieran

[2018-03-16] Deustuko jaiak bero-bero

[2018-03-14] Pregoiaren ardura

[2018-03-12] Hamaika aukera Deustuko jaietan

[2018-03-07] Sorpresa!

[2018-03-05] Hamaika egun falta dira jaiei hasiera emateko