OihuK Bilboko gaztetxe transfeministak 2 urte bete ditu

uriola.eus 2017ko eka. 21a, 09:31

Bi eguneko egitaraua prestatu dute lokalaren okupazioaren 2. urteurrena ospatzeko. Bertxortan, hitzaldia, poesia irakurtaldiak, kabareta eta Djak izango dira. Espazio ez mistoa dela gogorarazi dute.

OihuKek, Bilboko gaztetxe transfeministak, Bilboko Errekalde auzoko Entrecanales doktorearen kaleko lokala okupatu zuenetik 2 urte bete dira. Horren harira, ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean 2. urteurrena ospatuko dute hainbat jarduerekin. Ostiralean, bertxortan eta txokolate remix jaia egingo dute, ordu biak arte. Pintxoak salgai egongo dira eta sarreraren prezioa bi eurotan ipini dute. Larunbatean, hitzaldia, poesia irakurketa, Rotaflex kabareta eta Djak egongo dira 03:00etara arte.

Oztopoak oztopo

Twitterren ezagutzera eman duten bezala, ekainaren 14an, jabeen abokatua, jabeekin eta bi langileekin OihuK-ko atea indarrez irekitzeko saiakera egin zuten. Eraikinean sartu, miatu eta “gure gauzak lapurtzen saiatu ziren" kritikatu dute. Hala ere, garaiz iristea lortu zuten, “gauzak eramatea lortu dugu”. Sarraila apurtu eta atea matxuratu dutela ere jakitera eman dute, haien jarrera “oldarkorra” gaitzetsiz. Iazko ekainean, OihuK gaztetxea dagoen eraikina "usurpatzeagatik" hiru lagun auziperatu zituzten. Arazoak ere ia hasieratik izan dituzte OihuK gaztetxean. Hutsarazteko arriskuan izan dira hainbatetan.

[2016-06-15] OihuK gaztetxea dagoen eraikina "usurpatzeagatik" hiru lagun auziperatu dituzte 

[2015-10-19] OihuK gaztetxea edozein unetan hutsaraz dezakete

[2015-07-09] Errekaldeko OihuK emakumeen gaztetxea hutsarazteko arriskuan dago

[2015-07-09] Abentura feminista berri eta aintzindaria

[2015-07-08] Klitto: “Feminismoa sortu eta hedatu nahi dugu”

[2015-07-08] Errekalden lokal bat okupatu eta borroka feministarako emakumeen espazioa sortu dute