Ekonomiaren beste alorretan Airbnb eta abarrek modan jarri dituzten konpainien ildoan antolatua, Deliverook inolako kontraturik gabe erabiltzen ditu berak Internetez kontrolatutako zerbitzuak fisikoki bizikletaz banatzen dituzten mezulari teorian eta kontratuz autonomoak baina enpresak zorrotz lotuak.
Victor Sanchez banatzaileak eraman zuen auzitara Deliveroo, argudiatuz enpresa horretan egin zuen lana "sasiautonomo" gisa egin zuela, ez benetako autonomo gisa. Beraz, Deliverook hartu behar zituen bere gain langilearen Gizarte Segurantzako gastuak eta ez langileak, Deliverooren ereduan ohikoa den bezala.
Sartu beharreko ordu kopurutik hasi eta egin beharreko lanak zehazteraino, enpresak prozesu guztia kontrolatzen duenez, banatzaile gisa aritzen direnak soldatapeko langiletzat jo behar liratekeela dio epaiak.
Epaiak zalantzan jartzen du Deliverooren negozio-ereduaren muina bera, izan ere, mota honetako enpresen arrakasta bidalketa gastuak asko gutxitzean datza; eta beraz, enpresak lortzen duen irabazi-marjina langileen gastuak murriztean oinarritzen da: soldata baxuak bizikletan banatzaile ari denarentzat eta Gizarte Segurantza bere kontu.
Espainiako Estatuan mota honetako epai bat agertu den lehenbiziko aldia da, baina "ekonomia kolaboratibo" eufemismoarekin izendatu dituzten mota honetako negozioek zeresana eman dute azken urteetan, beraientzat lan egiten duten pertsonek jasaten duten muturreko prekarizazioagatik.
Besteak beste, iazko uztailean Deliveroo-ren mezulariek greba egin zuten Espainiako Estatuan.
2017ko urrian iritsi zen banaketa-enpresa polemikoa Bilbora.
[2018-04-18] Tintxu: "Glovon 'autoesklabo' bihurtzen duzu zeure burua"