EMA sariak

Akuario-zaleak Berri Txarrakekin haserre daude

Erabiltzailearen aurpegia Jon Intxaurraga 2018ko urr. 23a, 10:01

Luken, lagun,

Berri Txarrakek bere zaleak xaxatu ditu. Gogoan dut elkarrizketa berean Urbizuk esan zuela eskertuko lukeela (akuario-erregek) akuarioko errege izaten saiatu beharrean itsasora irteteko ahalegina egingo balute. 

Nik ere eskertuko nuke, eurengandik batez ere. Itsututa egon behar dugulako ez ikusteko San Mameseko zein BECeko kontzertuak euskal kulturaren garaipenak direla. Jada ez gara kuota hutsa; baizik eta musika ‘normala’ egiten duen beste hizkuntza bat. Kontuan hartzen baditugu euskarak (izan) dituen oztopoak asko da. Normalizaziorako bidean gaude.

 

Auzia da akuario-zaleek ez dutela akuarioa besterik onartzen, bertan goxo bizi eta besteak bertan bizitzera kondenatu nahi gaituztelako. Adibidez, Sare Antifaxistak(!) Bizkaiko Foru Aldundiko kontzertuetan joko duten hainbat talde (Belako eta Revolta Permanent) zein antolatzaile (Kafe Antzokia) jarri zituen jopuntuan. Nor da Sare Antifaxista Kafe Antzokiaren konpromisoa zalantzan jartzeko? Eta beste taldeena? Akuarioak denak bizitzeko beste ematen du edo artistek amateurrak izatera kondenatuta egon behar dute? Iritzia osatzeko, Cristina Lizarragaren berbak ekarriko ditut hona: “Musika gure pasioa da, eta musikatik bizitzen ahalegintzen gara, oso zaila bada ere”. Enpatia apur bat ondo letorkiguke.

 

Hitz batez, euskaldunok beti euskaldunometroa atera eta atera, Herrikoi Nortasun Agirian (HNA) meritu nahiko nork egin neurtu guran. Ematen du lehengo euskaldun fededun ‘euskaldun militante, alternatibo, euskaltzale, gaztetxero, ekologista, feminista eta kultura-zale'bihurtu dela, beste behin ere hizkuntza bigarren planoan utzita, gainera. Zoritxarrez, horrek gure zokokeria baino ez du agerian uzten, izan ere, ez da hain zaila bereiztea MTVri egin dakiokeen kritika zilegia eta besteak gutxiesteko ohitura eskasa. Berri Txarrak koherentea da, akuariotik irten arren, ez duelako jatorria ahaztu. Lekunberriko taldea bere kontraesanak kudeatzen saiatzen ari da, edozein helduk egingo lukeen modura. Badugu nondik ikasi.

 

Ostegunera arte!

Jon.