Giro polita sortu zen joan den larunbat arratsaldean Karmelan. Txiki, gazte, heldu eta zahar batu ziren; Santutxukoak, Garaizarkoak, Otxarkoagakoak eta Uribarrikoak, besteak beste. Denak Mahatserriko aldizkariaren paper formatuari agur ematera bildu ziren. Aldizkariaren "bataioan baino enterruan jende gehiago" zegoela zioen Benito Fiz Berton-en sortzaileetako batek. 80 bat batu ziren guztira. Deialdiari auzotarrek emandako erantzun zabala pozgarria zen aldizkariko lantaldearentzat, "bere bidean Berton-ek egin dituen lagunak asko izan diren seinale", Lur Mallea zuzendariaren hitzetan. Parte hartzekoak ziren beste batzuei gripeak ez zien bertaratzen utzi.
Jaialdia xumea bezain hunkigarria izan zen. Alboka eta pandero-hotsen harreraren ostean, Hektor Ortega aldizkariko zuzendari ohiak 20 urtetan Berton aldizkariko lantalde zabalak auzolanean burututako lan eskerga azpimarratu zuen, bertsotan Oihana Bartrak eta Urtzi Urrutikoetxeak berretsi zuten ondoren. Agurrari umore ikutua Eukene Larrea eta Nerea Martija clownek erantsi zioten eta errepaso ederra eman zioten Berton-en ibilbideari.
Nahi izan zuenak Karmelako eszenatoki txikira igo eta despedidan hitz batzuk esateko aukera izan zuen. Mahatserriko euskaldunen eta euskara ikasleen hiztun komunitatea trinkotzeko Berton bezalako tokiko aldizkari baten garrantzia aipatu zuen Aitor Argotek; Bilbotik urruti dauden lagunek auzoko berri izan dezaten Berton-ek egin duen lotura-lana Gotzon Amarok; "txikien arteko elkarlana" Iñaki Jubetok; inguru erdaldunean euskarazko hedabideen lana Zorrotz Morrotz aldizkariko Aitor Marinek, informazioa sareratzearen garrantzia Kepa Sarasolak; eta Bilborako euskarazko hedabide duin eta sendo baten beharrezko baldintzak Iker Martinez de Lagosek.
"Bilbo omen da hiri aurreratuen Championg Leaguean lehiatzen den hiriburu disdiratsua. Hirigintza plan sarituak dituen izar mediatikoa", esan zuen Ikerrek. Gaineratu zuenez, "hirigintza plan horietan ez gara kabitzen euskaldunok eta gure komunikatzeko bide, errepide eta autopistak. Ardura dute (hiriko agintariek) eta ardura dugu (guk) euskaldunontzako zer nolako Bilbo nahi dugun irudikatzen.
"Eta orain zer?", galdetu zien Karmelara bertaratuei. "Bi aukera bakarrik okurritzen zaizkit", erantzun zuen: "Bizitzak aurrera jarrai dezan utzi eta hedabideetan darwinismoari lekua eginez txikien desagerpenari uzten diogu; edo... lantalde potentea osatuz, komunitatearen babesa antolatuz, dagokionari ardurak eskatuz eta plangintza sendo batekin, euskarazko hedabideentzako Bilbo munduko hiri onena izan dadin bilatzea. Bizirauten badakigu, asma dezagun irabazten".
Handia da Berton-ek sortutako informazioa. Handia testu, argazki eta bestelako edukiek osatzen duten ondarea. Lur Malleak gogoraratu zuzenez, aldizkariaren 215 zenbakiak paperean eskuragai daude nahi duenarentzat udal liburutegietan, foru artxibategian, Lazkaoko Beneditarren Fundazioan, Andoaingo Rikardo Arregi aldizkaritegian edota Labayru fundazioaren artxibategian. Formatu digitalean zenbaki berrienak uriola.eus-en edonoren eskura daude eta zaharrak epe laburrean egongo dira.
20 urtetan, 215 aldizkari ez ezik "beste hainbat proiektu" sustatu eta burutu ditu Berton-ek elkarlanean, hala nola, Santutxuko AEKrekin Euskara mendian liburua (2002), Iñaki Gaminderekin Bilbotarron euskeraren zuzuan (2004), Bilboko Udalarekin Begoña, goitik beherako herria argazki erakusketa (2012) eta liburua (2015), Darabilborekin Begoñako historian barrena ibilbide gidatua (2015) eta Mahatserriko argazkilariekin 2015eko egutegia. Laguntzaile ere aritu da Aranzadi zientzia elkartearekin Larrinagako kartzela. Oroimena gatibu erakusketan (2015) eta propio sortutako lantaldearekin Orue txalet-kartzelaren jardunaldietan (2017).
Berton paperean desagertuko bada ere, Mahatserriko berriak ez dira desagertuko. Beste formatu batean zabalduko dituzte uriola.eus plataformaren bitartez. Molde aldaketa da. Lur Mallearen esanetan, "digitalak aukera berriak emango dizkigu lagun gehiagorengana iristeko, auzolanetik bide berriak zabaltzeko, eta nork daki, egunen batean papera berreskuratzeko".
Jan-edanean hasi aurretik, Santutxuko Bertso Eskolako Iker Uribarrenek egindako koplak abestuz bukatu zen ekitalditxoa. Lantaldeak lortu zuen, bai, bere helburua, "amaiera tristeari agur alaia ematea". Ohi bezala, auzolanean.
Karmelan elkartu gara
Karmelan elkartu gara
agur esateko hara
gaur Berton agurtzeko bai
baina inoiz ez euskara
baina inoiz ez euskara
Karmelan elkartu gara
Berton badoa sarera
Berton badoa sarera
Uriola puntu eusera
kontu zahar eta berriak
berdin berdin kontatzera
berdin berdin kontatzera
Berton badoa sarera
Heldu da gure azkena
heldu da gure azkena
hartu dugu kriston pena
papera desagertzea
krisi honek dakarrena
krisi honek dakarrena
heldu da gure azkena
Hasi baino lehen negarrez
hasi baino lehen negarrez
ondo merezi dutenez
mila esker Bertondarrok
zuei bihotz bihotzez
zuei bihotz bihotzez
hasi baino lehen negarrez
[2018-01-19] Amaiera tristeari agur alaia
[2018-01-17] Papereko azken 'Berton' aldizkaria
[2017-12-22] BERTON aldizkaria: Itzela izan da