Rodriguez Ariaseko bizilagunak: "MOMAren irekierarekin, berriro errelitatearekin topatu gara"

uriola.eus 2017ko ira. 12a, 09:55

Dantzalekuaren ate-irekierako asteburuan bizilagunek berriro salatu dituzte gazteen kontzentrazioak, zarata handia, zikinkeria eta lokalera sartzeko ilaran kudeaketa eza. Diskotekak beste behin ere gainditu zituen ezarritako dezibelio mugak Hotel Iluniumen, udal teknikariek egiaztatu zuten bezala.

MOMA dantzalekuaren irekierak hautsak harrotu ditu berriro ere Rodriguez Ariaseko bizilagunen, Hotel Iluniumen eta diskotekaren artean. Joan den ostegunean, iragarri bezala, pertsiana igo zuen diskotekak hilabeteko zigorraren ostean. Osteguneko irekiera "neurrizkoa" izan zen arren, ostiralean eta larunbatean "errealitatea agertu" zela kexu dira bizilagunak. 

Auzokideek oraingoan hainbat gertakari salatu dituzte: gazteen kontzentrazioak, zarata handia, botakak, zikinkeria, lokalera sartzeko ilaran kudeaketa eza eta eskuak odoleztutarik "liskar bila" zebilen gizon baten presentzia. Azkenengo hori dela eta, Udaltzaingoa eta anbulantzia bat bertaratu zen.

Gainera, Rodriguez Ariaseko Bizilagun Kaltetuen Erakundeak jakitera eman duenez, diskotekak beste behin ere gainditu zituen ezarritako dezibelio mugak Hotel Iluniumen, udal teknikariek egiaztatu zuten bezala. Izan ere, Hotelean ostatuz zeuden zenbait "turisten" kexak zirela medio, logela aldaketak egin behar izan zituzten hoteleko langileek. 

Halaber, Udalak "hitzemandako" segurtasunerako zaintzaileak diskotekako atezainak direla salatu dute, "ez daramate profesionalen identifikazio txartelik".

 

[2017-09-07] MOMA dantzalekuak ateak irekiko ditu gaur hilabeteko zigorraren ondoren

[2017-08-30] Rodriguez Ariaseko bizilagunek behingoz legea ezartzea eskatu dio Udalari

[2017-08-29] MOMA auziko parte guztien bizikidetzarako hasitako prozesuaren amaiera iragarri du Udalak

[2017-07-03] MOMA diskotekak bozgorailuak piztuko ditu berriro

[2017-06-23] Bilboko Udalak MOMA diskotekako musika ekipoa zigilatu du

[2017-05-30] Arartekoaren aurrean salatu dute MOMA diskotekaren auzia