Bilbo San Tomasetan murgilduta

uriola.eus 2014ko abe. 22a, 10:48

Dagoeneko jendea Areatzara hurbiltzen hasi da San Tomas egunaz gozatzera. Baserritarrek, merkatariek zein Bilboko Konpartsek dena prest daukate eta goizeko 09:00etatik gaueko 22:00etara, postuak irekita egongo dira bertaratzen diren lagun guztientzat. 

Urte luzez abenduaren 21ean ospatu den azoka, aurten egun bat beranduago egitea proposatu du BBK-ko Gizarte Ekintzak " Alde Zaharreko bizilagun, merkatari eta ostalarien artean sorturiko zalantzengatik". Parte hartzaile guztiak ez dira pozik agertu data aldaketarekin, ez eta aldatzeko moduarekin. Hala ere, jai egunarekin bat egin dute erabakia errespetatuz.

Ohiko San Tomas azoka Bilbon izaten den tradizio eta parte-hartze handieneko hitzordu herrikoietako bat da, BBK-k antolatua; aurten Bizkaiko chef batzuen lana aitortu du, produktu naturalak eta bertokoak sustatzeagatik eta nekazaritza iraunkorrari ematen dion bultzadagatik. Horretarako, beraien lana omendu dute San Tomas azokaren hasierako ekitaldian, goizeko 09:45ean, Plaza Barrian. Bizkaiko chef omendu guztiek jaso dute BBK-ko lehendakaria den Xabier Sagredoren eskutik BBKren merkatu-postu ezagunen erreplika bat.

Edizio honetako erakustokien banaketa honako hau izango da: abere biziak (1), ortuariak (27), ogia eta euskal pastela (14), gaztak (26), landare eta loreak (4), frutak (3), eztia (9), zezinak  (13), kontserbak (9), txakolina/sagardoa (22), esnekiak (1),  txosnak (10), beste zenbait (2).

Bilboko Konpartsak

Bilboko Konpartsek ere euren egitaraua prestatu dute urtero legez, eta beste behin txosna jarri dute dute San Nikolas elizaren alboan. Lehenego orduan, indabak eta txerria prestatzen hasi dira eta dagoeneko dena prest daukate gaurko eguna jai giroan ospatzeko.

Egitaraua

10:00. Txosnaren irekiera.

12:00. Txalaparta.

12:00. Pintxo eta indaben banaketa.

13:00. Bertsolariak. 

14:00. Gaita-joleak.

16:00 - 18:00. Urrats erromeria.

18:30. Txerri eta ortuko produktuen zozketa.

19:00 - 21:00. Urrats erromeria.

20:00. Bilbo kantari Kalderapekotik.

Preso politikoen aldeko ekimenak

Etxeratek deituta, gaur, 12:00etan, elkarretaratzea egongo da udaletxe aurrean "Preso, iheslari eta deportatuak etxera!" lelopean. Ondore, 13:00etan, dispertsioaren kontrako kalejira abiatuko da Etxebarrieta plazatik "11 konpromiso askatasunerantz!" lelopean. 

Oharrak

Bilboko Udalak jai-esparrura joateko garraio publikoa erabiltzea gomendatu du, jende-multzo handiak bertaratzea aurreikusi delako.

Goizeko 11:00etan hasita, Zingirakale, Erribera eta Areatzako Zubiaren arteko jai-esparrua ibilgailuen trafikorako erabat itxita egongo da, postuak zarratu arte.

Bilbobusek barikuetako ohiko zerbitzuak ipiniko ditu, Gautxoriaren zerbitzua goizaldeko 02:00ak arte barne, ibilbideetan aldaketa batzuk egon arren, Bailen kalean behin-behineko geltokia jarrita.

Kalez jantzitako udaltzainak ibiliko dira jai-esparruaren barruan lapurretarik eta ebasketarik egon ez dadin eta eremu osoan segurtasuna mantentzeko.

[2014/12/10] Bilboko Konpartsek egitaraua zabala prestatu dute Tomas deunaren egunerako

[2014/11/14] San Tomas azoka abenduaren 20ean izango da

[2014/12/15] San Tomas egunean kaleratuko dute Boga garagardoaren behin betiko zaporea

[2014/11/21] Bigarrenez aldatu dute San Tomas eguna Bilbon, abenduaren 22an izango da

[2014/12/22] San Tomas Azokak Bizkaiko 'chef'-ak omeduko ditu aurten