Bertso Erronda 2018ko azkenengo saioa, nola ez, sekulako giroarekin ospatu zen atzo Zazpi Katu Gaztetxean. Saioa oso dinamikoa izan zen, umore handikoa eta bertsolariak, epaileak eta gaijartzailea oso sartuta egon ziren euren papeletan. Bertsolariak unaiz jantzi zituzten, gaijartzailea, berriz, Lucky Luke izan zen eta epaileak Dalton neba-arrebak izan ziren. Beraz, Zazpi Katu bertso saloon bihurtu zen atzoko egunean.
Izan ere, ederto atondu zuten gaztetxea finala jasotzeko. Bertsolariak ikustera heldu zirenek ere festan parte hartu eta gogotsu animatu zuten gau osoan. Azkenik, bertsolari gazteak, atzoko benetako protagonistak, paperean lehenengo momentutik sartu ziren eta aparteko bertso saioa egin zuten, hasieratik amaiera arte.
Oihana Bartra epaileak adierazi duenez "Azpimarratzekoa da bertsolari guztiek eman zuten maila ona." Bertan, Jon Gurrutxaga, Aitor Irastorza, Maialen Akizu, Iker Apraiz, Urko Arregi, Paule Loizaga, Aissa Intxaurti, Ander Urcelay, Kerman Diaz eta Unai Mendiburu bertsolari gazteak egon ziren lehian.
Lehenengo bertsoak bota ostean, lau bertsolarik jaraitu zuten lehian: Jon Gurrutxaga, Maialen Akizu, Kerman Diaz eta Urko Arregi. Hauen artean irtengo ziren bi finalistak eta azkenean binakakoa jokatzeko ohorea Jon Gurrutxaga azpeitiarrarentzat eta Urko Arregi oñatiarrarentzat izan zen. Bietako bat bihurtuko zen Bertso Erronda 2018ko txapelduna.
Binakakoa apartekoa izan zen, bi bertsolariek sekulako lana egin zuten, baina azkenean Urko Arregi izan zen gaueko Cowboy edo unai onena. Epaileek adierazi dutenez "Urko Arregi onena izan zen, publikoarengana heltzea berak lortu baitzuen gehien. Edonola ere, buruz burukoan berarekin kantatu zuen Jon Gurrutxagak ikaragarrizko saioa egin zuen."
Gauzak horrela, Urko Arregiren errebolberra izan zen Zazpi Katu bertso salooneko azkarrena, eta bera izan da aurtengo Bertso Errondako irabazlea. Bera, eta bertsolaritza, antolatzaileek adierazi dutenez, aurtengo edizioa oso arrakastatsua izan da, taberna guztiak saio guztietan bete dituztelako eta ekimena berriz errepipaktzeko asmoarekin agertu dira.