Urtero bezala, Bilboko inauteriak Farolin eta Zaranbolasen epaiketarekin hasiko dira. Jon Uriarte kazetaria -Farolin- eta Karmele Larrinaga aktorea -Zaranbolas- dira aurten Jai Batzorde Mixtoak hautatu dituen bilbotar peto-petoak. Epaiketa arratsaldeko 19:30ean izango da Plaza Barrian eta ondoren, 20:30ak aldera, Trapu Zaharrak Zazpi Kaletan barrena ibiliko dira inauteri giroa zabaltzen.
Bihar, ostirala, etxeko txikiei zuzendutako desfilea abiatuko da 12:00etan Albiako Lorategietatik eta Plaza Barrian amaituko da. 20:00etan, Bilbo Kantariko lagunak mozorrotuta irtengo dira kaleetan barrena abestera.
Larunbatean, martxoak 1, inauteri jaitsiera erraldoiak Kale Nagusia jendez beteko du 18:00etan, eta 10 urteren ondoren, konpartsek desfilean parte hartzeko aukera izango dute. Gauzak horrela, jendetza espero da eta mozorro ezberdinez gain, karrozak ere ikusi ahalko dira.
Martxoaren 2an, igandea, urteroko indaba lehiaketari hasiera emango diote 09:00etan eta 14:00etan sari banaketa izango da. 11:00etan, Zuberoako Maskarada ikusteko aukera izango dugu Zazpi Kaleetan eta arratsaldeari begira, emanaldia eskainiko dute Plaza Barrian, 18:00etan.
Inauteriei agur esateko, asteartean sardinaren erreketa ekitaldia ospatuko dute 19:30ean Plaza Barrian. Lehenengo, Zazpi Kaleetan sardinaren beila eta ehorzketa prozesioa egingo dira eta bukatzeko, Arriagan sardinaren erreketa.