Susmoa dut telebistako ikusle askok ez dituztela ezta mapan kokatzen ere, baina hala ere ezinbesteko notizia izaten da sasoi hauetan. Zaila izaten da inauterien data zehatza asmatzea, ez direlako beti data berean ospatzen. Mozorro dendetako erakusleihoei erreparatuz, ordea, festak eztanda egiteko gutxi falta dela asma dezakegu. Bertan ikusten ditugu azken tendentziak. Bai, mozorro kontuetan ere badago moda eta. Aurten animaliak nagusi dira erakusleihoan, jirafa, elefante, pantera arrosa... Mozorro kontuetan ere gure norabidea markatu nahi dute enpresa handiek. Ez dugu modaz kanpo egon nahi eta markek agintzen dituzte tendentziak. Gero eta azkarrago aldatzen dira, lehen negu osoan eraman ahal zenuen denboraldiko jaka, baina egun etengabeko aldaketa bultzatzen dute. Eta gu, gizaki gizajoak, identitatea eraiki nahian horiek jarraitzen ditugu. Kamaleoiak bezala gabiltza azala aldatuz ingurumenera egokituz.
Modari leialak izaten, ez dugu porrot egin nahi. Logikaz eginiko sistema da kontsumoan oinarritutako ekonomia eta gizartea bideratu dute. Gure egunerokoan horrela egitearekin ez nahiko eta inauterietan eurek agindu nahi dituzte gure mozorroak. Atzoko arropa edo ordenadorera atxikitzen diren pertsonak ez dituzte nahi, gero eta gauza gehiago izan dezagun nahi dute, gero eta zabor gehiago sortuz.
Gaurkoa bihar ez da erabilgarria izango. Baina karnabalak ez dira atzoko kontua, Europa osoan aspaldi ospatzen dira. Larunbata izaten da gurean festaren egun handia, baina badira urte batzuk hori ere ez dela normaltasun osoz ospatzen. 2004 urtean Bilbon, Bilboko udalak eta Bilboko konpartsek antolatutako desfilea bertan behera geratu zen Udalak presoen aldeko karrozak kentzeko eskatu eta konpartsak hori egitera ukatu ondoren. Ordutik bi desfile egin dira: Udalak antolatutako ofiziala batetik, eta Bilboko Konpartsena, bestetik. Akordioa lortuta aurten Kale Nagusian izango da inauterietako desfilea. Pozik agertu dira sustatzaileek bere toki naturalera bueltatuko baita inauterietako desfile nagusia.
Baina ez dezagun ahaztu ezaugarri berezia dutela inauteriek, beste jaien aldean, umorea, parodia eta satira giroa. Beraz, kendu dezagun maskara eta desfilatu dezagun gure kaleetatik aske.