Herritarrek haserre eta amorruz kalera atera dute Goi Bileraren kontrako aldarria

uriola.eus 2014ko mar. 3a, 11:00
Goizeko 10:00etan hasi da “Foro Global 2014” gailurra Guggenheim museoan eta bertan batu dira mundu mailako eta Espainiako agintari ekonomiko nagusiak. Hiritarrek manifestazioa jendetsua burutu dute kanpoaldean “Troika eta bere konplizeak Go Home” lelopean eta istilu ugari jazo dira goiz osoan zehar. Hiru lagun atxilotuta eraman dituzte.

Troika osatzen duten erakundeetako ordezkariak Guggenheim museoan Goi Bilera egiten dabiltzan bitartean, bilbotarrak kalera atera dira egungo egoera ekonomikoa salatzeko eta Troikari ez dela ongi etorria gogorarazteko. Istiluak jazo dira manifestazioa Kale Nagusira heldu denean. Dozena bat pertsona bankuen aurka oldartu direnean kargatu du Ertzaintzak lehenengoz. Ondoren, istiluak nagusitu dira eta hiru lagun atxilotuta eraman dituzte. Hainbat edukiontzi erre dituzte plaza Eliptikoaren inguruan eta suhiltzaileak gerturatu dira.

10:00etan bi zutabe abiatu dira, lehenengoa Arriagako plazatik eta bigarrena Jesusen Bihotzetik. Bietan CNT, STEE-EILAS, HIRU, ESK, ELA eta LABeko bandera ugari ikusi ditugu, baita ERE egoeran dauden hainbat langileak ere; esaterako Incoesa eta Alfus lantegietako lagunak. Manifestazioaren hasiera lasaia izan bada ere, martxa Kale Nagusira heldu denean hainbat istilu gertatu dira eta manifestariak banketxe eta komertzioen aurka oldartu dira.

Manifestazioa Euskalduna Jauregira heltzean, Ertzaintzaren 10 furgona inguru zeuden bertan eta ez diete aurrera egiten utzi. Protestarekin Euskadi plazan jarraitu dute eta berriz ere, Ertzaintzak kargak burutu ditu. Bilboko erdigunea normaltasunera bueltatu ez bada ere, manifestazioa bukatutzat eman eta bukaerako ekitaldia bertan behera uztea erabaki dute deitzaileek.

Arratsaldeko 19:00etan beste manifestazio bat deitu du Gune plataformak. Martxa Euskadi plazatik (Iberdrola dorrearen behealdetik) abiatuko da.