Guggenheimean ekonomia aztergai eta kalean haserrea nagusi

uriola.eus 2014ko mar. 4a, 11:36
Klaus Armbruster-en argazkia
Istilu ugari jazo ziren atzo, Guggenheim museoan Troika osatzen duten erakundeetako ordezkariek Goi Bilera ospatzen zuten bitartean. Guztira zazpi pertsona atxilotu eta 50 inguru identifikatu zituzten.

Gune plataformak manifestazioa deitu zuen atzo goizean, nazioarteko finantza erakunde nagusietako eta enpresa transnazional garrantzitsuenetako ordezkariak Global Forum Spain 2014ko Goi Bilera ekonomikoan bilduta zeuden bitartean. Bertan izan ziren besteak beste, Christian Legarde, Karel De Gucht, Joaquin Almunia, Francisco Gonzalez, Jose I. Sanchez Galan, eta Espainiako erregea.

10:00etan, bi zutabe martxan jarri ziren, bat Arriagako plazatik eta bigarrena Jesusen Bihotzetik. Moyua plazara heltzean bi zutabeak elkartu eta guztira 10.000 lagun inguruk manifestazio erraldoai abiatu zuten Guggenheim museora “Troika eta bere konplizeak, go home!” lemapean. Hasiera batean martxa lasaia izan bazen ere, Kale Nagusira sartzean, hainbat lagunek aurpegia estali eta bertako banketxe eta multinazionalen aurka egin zuten ostikoka eta bidean topatzen zuten guztiarekin. Momentu horretan Ertzaintzak lehenego bi pertsonak atxilotu eta manifestarien aurka kargak egiten hasi zen.

Manifestazioak aurrera egitea lortu zuen istilu eta sutan zeuden edukiontzien artean. Kale Nagusitik ateratzean, Espainiako Gobernuaren azpiordezkaritza, Eusko Jaurlaritza zein multinazional ugariren egoitzak txikituta ikus zitezkeen eta Jesusen Bihotzean Udaltzaingoaren furgona bat irauli zuten. Euskalduna Jauregiaren parera iristean Ertzaintzaren 10 furgonak bidean aurrera egitea galarazi zien eta 15 minutu geroago, manifestazioaren deitzaileek protesta bertan behera uztea erabaki zuten pilatutako tentsioaren ondorioz.

Manifestazioko parte hartzaile gehienek aurrera egitea erabaki ondoren, Euskalduna jauregitik Euskadi plazara hurbildu ziren. Bertan tentsio une gehiago eman ziren; hirugarren pertsona bat atxilotu zuten eta Ertzain bat zauritu zen. Azkenean giroa lasaitu eta manifestariak plaza hustu zuten.

Protesta eta liskar gehiago

Eguerdi aldera, hainbat lagunek Zazpi Kaleetako banketxe eta komertzioak erasotu zituzten, baita edukiontziak erre ere. Ertzaintza auzoan barrena ibili ondoren, hainbat pertsona identifikatu zituzten.

Gune plataforma osatzen duten sindikatu nagusiek arratsaldeko manifestazioa bertan behera uztea erabaki bazuten ere, norbanako eta eragileek plaza Eliptikoan elkarretaratzea burutu zuten, Euskadi plazatik abiatuko zen manifestazioa legez kanpo geratu eta gero.

Ordu erdiz elkarretaratze lasaia egin zuten baina 19:30ean, manifestariak Kale Nagusian barrena plaza Biribilera jaitsi ziren berriro ere, komertzio eta banketxeen aurka eginez eta FMIren kontrako oihuekin. Momentu horretan, Ertzaintzak atxiloketa gehiago eta kargak burutu zituen.

Gaur jakin denez, guztira zazpi pertsona atxilotu zituzten atzo eta 50 identifikatu. Gau arratsaldeko 19:30ean, mobilizazioa deitu dute Deustuko Done Petri plazatik abiatuta atxilotuen askatasuna galdegiteko.