Red Bull Cliff Diving World Serieseko jauziak jarraitzeko jendetza espero da

uriola.eus 2014ko ira. 19a, 09:33

Ezohiko itxura du egunotan Salbe zubiaren inguruak Red Bull Cliff Diving World Serieseko proba dela eta. Atzo ikusmin handia sortu zuten entramendu libreek. Gaur eta bihar ere jendetza espero da itsasadarreko ertzetan 27 metrotik jauzi egingo duten 14 kirolariak ikusteko. Udalak trafiko mozketak iragarri ditu Salbe inguruan igandera bitartean.

Itsasadar bazterrean jende ugari batu zen atzo eguerditik aurrera. Batzuk jesarrita beste batzuk zutik, argazki makinak eta telefonoak eskutan zituztela. Denak gora begira, Salbera begira. Ehunka pertsona hurbildu ziren entrenamenduak jarraitzera. Gaur eta bihar epaile lanetan arituko diren bost lagunak ere Salbeko zubipean zeuden. Uretan ere mugimendua izan zen nagusi, besteak beste, piraguak, uretako motorrak, padel surflariak eta urpekariak. Jeep bat ere bai plataforma baten gainean.

Andy Jones izan zen lehena Salbe zubian ezarritako tranpolinetik salto egiten. Hiru segundoko iraupena izan zuen jauziak ikusleen txalo zaparrada eragin zeun. Uretan sartzean entzun zen hotsak, berriz, harridura sortu zuen. "Zelako zarata", adierazi zuen Salbe zubipean zegoen mutil batek hortzak estuturik. Steven Lobuek eta David Colturik egin zuten jauzi ondoren jendearen animo, oihu eta txalo artean.

Apur batera hurbildu zen Artem Silchenko iazko txapelduna ere. Beraren ostean beste jauzilari batzuk. Gaur eta bihar lehiatuko diren 14ak ez ordea. Izan ere atzokoa entrenamendu librea izan zen. Hautazkoa. Gaurko entrenamenduaren amaieran (13:30-15:30), azken saltoan jasotzen duten puntuazioaren arabera erabakiko da larunbatean (15:00) nor noren kontra lehiatuko den.

Aldaketak

Salbeko zubia erabat itxita egongo da ordutegi hauetan:

Ostiralean, irailak 19 (entrenamenduak): 13:00etatik 16:00etara.

Larunbatean, irailak 20 (proba): 13:30etik 17:00etara.

Salbeko zubia itxita dagoenean, Rekalde zumarkalea, Moyua plazatik Mazarredo zumarkalerainoko zatian (Salberako norabidean) zabalik egongo da garraio publikoarentzat. Hala ere, batzuetan baliteke garraio publikoko zerbitzuak berandu samar ibiltzea.

Ibilgailu partikularrek Bilbora sartzeko edo Bilbotik irteteko, Salbeko zubia erabili beharrean Deustuko zubitik eta Ugaskoko tuneletatik zirkulatu beharko dute.

Instalazioak kentzeko lanak larunbata gauean eta igande goizaldean egitea dago aurreikusita eta zirkulazioan eragindako azken aldaketak orduan izango dira.

Horrela bada, larunbateko 22:00etatik igandeko 05:00etara bitartean, Bilbora Salbeko zubitik sartzeko bidea itxita egongo da zirkulaziorako. Horrek eragina izango du batez ere Txorierritik Bilbora sartzeko bide hori erabiltzen duten ibilgailuetan. Bilboren erdialdetik Maurice Ravel etorbiderantz eta Txorierrirantz joateko Salbeko zubia zabalik egongo da.

Beste eragin batzuk

- Salbeko igogailuak: zubia itxita dagoen bitartean, Unibertsitateen etorbidearen aldeko igogailua proban parte hartuko dutenentzat zerbitzutik kanpo geratuko da. Beste igogailuan ez da eraginik izango eta beti bezala funtzionatuko du.

- Oinezkoentzako ibilbideak: Salbeko zubian, Unibertsitateen etorbidearen aldean dagoen espaloia itxita egongo da oinezkoentzat asteleheneko (irailak 15) 10:00etatik igandeko (irailak 21) 05:00etara arte. Oinezkoek, beraz, zubiaren beste aldeko espaloitik ibili beharko dute.

Gainera, larunbatean, ekitaldia egin bitartean, Unibertsitateen etorbideko bidegorria ere itxita egongo da, antolatzaileak eta ikusleak bertan egon ahal izateko.

 

[2014/09/18] Jendetza Red Bull Cliff Diving World Seriesen lehen entrenamenduan

[2014/09/17] Salbe zubiko jauzilarien entrenamendu zein probak aldaketa ugari eragingo ditu

[2014/07/21] Munduko 14 jauzilari onenak Salbe zubitik saltoka