Abokatuen aurkako Guardia Zibilaren operazioa

uriola.eus 2015ko urt. 12a, 11:20

Auzitegi Nazionalean gaur hastekoa zen Batasuna, EHAK, eta EAE alderdietako zuzendaritzen aurkako epaiketa. 35 euskal herritar epaituak izatekoak ziren, baina atxilotutako abokatuen egoera argitu bitartean eten egin dute auzia. Defentsako bost abokatutik hiru atxilotu dituzte gaur goizean Guardia Zibilak martxan jarri duen sarekadan, gainerakoak EPPK-ko abokatuak eta lau herritar dira; guztira 16 lagun. Batzuk Madrilen eta beste batzuk Euskal Herrian atxilotu dituzte. Une honetan miaketak egiten jarraitzen du Guardia Zibilak, 'Mate' deitu duten operazioaren baitan.

"Delitu ekonomikoak egitea, ETAko kide izatea eta presoen senideei babesa eta laguntza ematea" egotzita atxilotu dituzte, Espainiako Barne Ministerioaren arabera, gaur goizean, 7:00etan hasi den operazioan, 16 lagunak. Batzuk Euskal Herrian, euren etxeetan, eta beste batzuk Madrilen, aterpe hartuta zeuden hoteletan. Atxilotu baten senideak URIOLAri jakinarazi dionez, 16ak komunikatuta daude, eta ez dute euren etxebizitzarik miatu. EPPK-ko abokatuen aurkako zazpigarren operazioa da gaurkoa.

Atxilotuen artean daude 12 abokatu eta lau lagun. Abokatuak honakoak dira: Arantxa Aparicio, Aiert Larrarte, Onintza Ostolaza, Ainhoa Baglieto, Atxarte Salvador, Kepa Manzisidor, Jaione Karrera, Ane Ituño, Amaia Izko, Haizea Ziluaga, Eukene Jauregi eta Alfontso Zenon. Barakaldon, Zizur Nagusian eta Arbizun atxilotu dituzten lau lagunak Jon Mindegiaga, Javier Carballido, Nagore San Martin eta Fran Balda dira. 

Bilbotarrak bost dira: Atxarte Salvador, Kepa Manzisidor, Ane Ituño, Haizea Ziluaga eta Eukene Jauregi. Abokatu ezagunak dira.

Iñaki Goioaga abokatua ere operazio honetan inputatua izan den arren, ez dute atxilotu, senataria izanik, aforatua delako.

35 auziperatuek beren abokatuak atxilotu dituztela salatu dute, defentsako bost abokatutik hiru, eta hortaz 19 lagun abokatu gabe geratu dira lehen saioan. Auzia geratzeko eskatu dute eta, abokatuen egoera argitu bitartean, bertan behera geratu da epaiketa. Pernando Barrena auziperatuaren arabera, "etxera bueltatzen gara, datarik gabe epaiketarako".  

Aretoara sartu baino lehen Auzitegi Nazionalaren aurrean protesta egin dute epaiketa duten 35 kideek. Atxilotutako gainerako abokatuak EPPK-ko kideen defentsan jardundakok dira eta horietako batzuk, besteak beste, 'Parot doktrina'-ren indargabetzean parte hartu dute.

Argazkia:

 

'Xake' eta 'Mate'

Gaurko sarekadak 2013ko iraileko Herriraren aurkako operazioa "osatzen" duela eta, hortaz, "abokatuen kolektiboa ekonomikoki sostengatzen duen finantza egitura" desegin dela esan du Jorge Fernandez Diez Barne ministroak. Iazko sarekadari 'Xake' izena jarri bazioten, gaurkoari 'Mate' jarri diote. 

"ETAkideen kartzeletako frontean" egotegatik, erakunde terroristako partaide izatea leporatzen die Barne ministroak atxilotuei. Horrezaz gain, Ogasun publikoaren aurkako delitua ere gaineratzen die; dirua "zuritzea". ETAko presoen kolektiboari "zuzenbide-laguntza ematearen truk, 2012 eta 2013an 1.300.000 euro baino gehiagoko kopurua ez deklaratzeagatik". Fernandezen hitzetan, gastu horiek Herrirak ordaindu zituen. 

Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiak Onda Vascari esan dionez, ogasun delituengatik Auzitegi Nazionalak ez luke horrelako operazioetan parte hartu behar.

 

Miaketak

Bilbon, hainbat gune miatu ditu Guardia Zibilak, besteak beste, Ronda kalean Errondabide 'Herriko taberna' eta Altxaporrue konpartsaren lokala eta Cristo kalean abokatuen egoitza. Rondan, tentsio uneak ere izan dira bertaratu diren herritar eta agenteen artean. "Alde hemendik, utzi bakean", oihua ozen entzun da Alde Zaharrean. Eguerdirako agenteek alde egin dute Rondatik.

Abokatuen egoitza, Cristo kalean, Kepa Manzisidor bertan dela miatu dute.

Uneotan, esaterako, LAB sindikatuaren egoitza miatzen ari da, atxilotu bat eta bi langile barruan direla. Itxita dauka Guardia Zibilak Errekalde zumarkalea sei 'Patrol' eta furgoneta batekin. Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak jakinarazi duenez, larunbatean presoen eskubideen aldeko mobilizazioan bildutako dirua eraman du Poliziak. Atxiloketaren eta miaketaren berria zabaldu bezain pronto, hainbat lagun hurbildu dira LABen egoitzara. 'Konponbide garaia da, errepresiorik ez' dioten kartelak eskutan, "Borroka da bide bakarra" oihukatzen dute Guardia Zibilak itxitako eremuaren aurrean. 

Twitter sare sozialaren bitartez,      traolak erabiliz, ari dira hainbat herritar gaurko sarekadaren berriak jarraitzen.

 

Erreakzioak

Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak esan duenez, "kafkianoa" da bizi duten egoera, eta salatu du ez duela zentzurik abokatuak atxilotzea: “Bazekiten pertsona horiek non aurkitu, Auzitegi Nazionalean egon behar zuten gaur goizean". Barrenak argudiatu du  "beharrezkoa baldin bazen”, nahikoa zela zitazio bat bidaltzea, horiek atxilotu beharrean.

Ainhoa Etxaidek ezagutzera eman du Biboko egoitza osoa miatzeko orden "generikoa" duela Guardia Zibilak. "Ez digute esan nahi zeren bila dabiltzan", baina Etxaideren arabera, "logika osoz gaurko operazioaren baitan" kokatuta dago. "Berriro ere LABen egoitza batean" sartu izana salatu du Etxaidek: "Ez dugu ezagutzen estatu demokratikorik non Guardia Zibilak sindikatu eta erakunde politiko legalen egoitzak miatzen dituen normaltasun eta naturaltasunarekin. Berriro ere salatu behar dugu hau askatasun demokratikoaren aurkako eraso bat dela".

LABen jarduera "berriro jomugan" jarri dutela adierazi du Etxaidek. Operazio orokorra "presoen elkartasunaren aurakako operazioa dela ulertzen dugu, Estatuak larunbateko mobilizazioari emate dion erantzuna dela, duela urtebete berdin-berdina egin zuten". Dei egin dio Etxaidek jendarteari "mobilizatzera" eta "larunbatena erakutsitako lanean jarraitzera". Eragile eta erakundeei, berriz, gogorarazi die "akordioak lortzeko garaia" dela eta "Euskal Herriak behingoz eszenatoki demokratiko oso bat ezagutzeko urratsak emateko" eskatu die.  

ENTZUN Ainhoa Etxaide: "Berriro ere salatu behar dugu askatasun demokratikoaren aurkako eraso bat"

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak 14:00etan adierazi du eurek ez zekitela aurretik operazioaren berri, eta hedabideek lehenago jakin dutela. "Desleial" jokatzea leporatu dio horregatik Espainiako Gobernuari. Gainerakoan esan du ez zuela polizia operazioa baloratu nahikoa informaziorik ez zuelako, baina edozein kasutan eragileei arduraz jokatzeko eskatu die, euren erantzukizuna hartzeko. Esan du espero duela Guardia Zibilaren polizia operazioak ez nahastea bizikidetza eta bakegintzan egin beharreko bidea.

Operazioa "Espainiaren espetxe politika kriminalaren parte da" dela adierazi du Sorturen Kontseilu Nazionaleko presidente Arraizek, eta gaineratu du estatuak "mendekuz ordainarazten" diola ezker abertzaleari bere "konpromiso politikoa". Salatu du Euskal Herrian "oraindik" ez dagoela berdintasunik politika egiteko, ezker abertzalea dela kaltetua. Sortuk estatu "terroristatzat" jo du Espainia, eta uste du haren helburua presoen kolektiboaren sostengu oro desagerraraztea dela.

EH Bilduko Aitziber Ibaibarriaga zinegotziak Bilboko Udaleko Bozeramaleen Batzordea biltzea eskatu dugu euskal presoen abokatuen kontrako sarekada salatzeko.

 

Elkarretaratzeak

'Konponbideari erasorik ez!' lelopean, elkarretaratzeak deitu dituzte gaur Bilboko hainbat auzotan. San Inazioan 19:30ean deitu dute mobilizazioa; Indautxun 20:00etan, Bilbo Zaharrean 19:00etan; Deustun 20:00etan; Uribarrin 20:00etan, Sanutxun 20:00etan; Zorrotzan 20:00etan; Alde Zaharrean 20:00etan; eta Otxarkoagan 20:00etan.

Bestalde, bihar, urtarrilak 13, beste elkarretaratze bat deitu dute 19:30ean Arriagako plazan, gaurko atxiloketak gaitzesteko.

Joan den ostiralean, Bilbo Zaharrean, Mikel Etxaburu auzipetuari elkartasuna adierazi zioten hainbat auzotarrek. Olerki artean salatu zuten bere auziperatzea. Plastiko zinta luze batean Mikel Etxabururen olerki bat idatzi zuten Bilbo Zaharreko lagunek eta ondoren, auzoko balkoietatik zinta eskegi zuten.

 

Epaiketa

04/08 sumarioaren baitan 35 pertsona epaituak izatekoak ziren gaur hasita urtarrilaren 30a bitartean. ETAko kide izatea leporatuta, 10 urteko espetxe-zigor eskaerari eta kargu publikoan aritzeko beste 10 urteko debekuari aurre egin beharko diote.

Epaituen artean, hiru bilbotar daude, Joana Regueiro, Mikel Etxaburu eta Gorka Diez; hirurak, 2007ko urriaren 10ean atxilotu zituzten Seguran egindako sarekada batean. Joana Regueirok bi urte eman zituen Soto del Real, Brieva, Villabona eta Alkalako espetxeetan eta 2009ko abenduaren 2an, 30.000 euroko fidantzapean aske geratu zen. Mikel Etxaburu 2010eko otsailaren 6an askatu zuten 50.000 euroko bermea ordaindu eta gero. Bestalde, Gorka Diez 2009 irailaren 22an aske utzi zuten 15.000 euroko bermea ordaindu ondoren. Indautxuarra bada ere, azken urteak Zuian bizitzen eman ditu Diezek.

 

 

[2014/01/09] Bilbo Zaharrean olerki artean salatu dute Mikel Etxabururen auziperatzea

[2014/01/09] Elkarretaratzea egingo dute Bilbo Zaharrean Mikel Etxabururen auziperatzea salatzeko