Plataformak, eragile sozial ezberdinez osatua, eta haiekin bat egin duten zenbait pertsonek salatu dute Espainiako gobernuak gaur onartu dituen lege erreformen multzoak "herritarron protestarako eskubidea murriztea beste helbururik ez duela, aldaketa sozialerako dugun tresna kriminalizatuz". Erreforma horiek, zeinen artean aurkitzen diren tasa judizial berrien aplikazioa, Kode Penalaren erreforma eta Herritarren Segurtasunerako Legearen erreforma, "adierazpen eta mobilizazio askatasunaren kontrako eraso zuzena" suposatzen dute.
Azken urteetan, "krisi eta murrizketa sozialen garaia izanik", Estatu mailan mobilizazio sozialen eta protestarako "molde berrien gorakada" eman da. Horien aurrean, gobernuak, "irtenbideak bilatu beharrean, errepresioarekin erantzun du".
Tramitera eraman dituzten lege erreformek suposatuko lukete, adibidez, "poliziaren deklarazioa nahiko izatea hainbat jokabide zigortzeko, epaileen aurretik pasatzearen aukera alboratuz; edo eraikin bat eskalatzeak 600 euroko isuna suposatzea, eta 30.000 eurorainokoa parlamentuaren aurrean kontzentratzeak; edo 6000.000 eurorainokoa Garoñara martxa baimenik gabe konbokatzeak".
Plataforma osatzen dute eragileek adierazi dute, orobat, errepresioari beldurrik izan gabe jarraituko dutela, "protesta zibila gure gizartearen hobekuntzarako eta eraldaketarako, zein oinarrizko eskubideen aldarrikapenerako ezinbesteko bitartekoa baita. Berau gabe hainbat aurrerapen sozial ezinezko izango lirateke, gaur hain oinarrizkotzat ditugun emakumeon bozka eskubidea edo langileon grebarako eskubidea kasu".
[2015/03/27] Herritarrak, koxka bat estuago
[2015/03/05] Protesta eskubidearen "heriotzari" omenaldia gaur arratsaldean