Erabakiaren aroaren hasiera

uriola.eus 2015ko eka. 22a, 12:03
Argazkiak: Gure Esku Dago / www.flickr.com/photos/gureeskudago

Gure Esku Dago ekimenak marraztutako bide orriak jauzia eman zuen atzokoan. "Erabakiari berari begira" jarri ziren milaka euskal herritar. Goizean Bilboko itsasadarra oihalez josi zuten eta arratsaldez San Mamesen -erdi beteta- dinamikaren "azken fasea" irudikatu zuten: "Erabakiaren azken fasea hasten dugu gaur, behin-betikoa". 

Herritar anitz eta ezberdinak gai izan dira nork berean ehundutako oihalak elkarri josi eta hautetsontzi bakar bat eraikitzeko. Hori frogatu zuten Areatza eta Euskalduna zubiak lotu zituen zazpi kilometroko oihal katearekin lehenik eta San Mamesen 25.000 lagun inguru batu zituen ekitaldiarekin gero.

Izan ere, Jose Anjel Iribar, Inaxio Kortajarena, Eba Ferreira eta Arrate Orueta Athleticeko jokalariek San Mames erdigunean paratu zuten hautetsontzi erraldoia Dima eta Ispasterreko herritarrek jaso eta eraman zuten esku artean. Arrankuadiagak Bizkaian zabaldutako herri kontsultaren bideari jarraipena emateko konpromisoa hartu zuten. 2016an izango da. Diman udaberrian, Isparreten ez dute datarik oraindik orain.

"Euskal Herriak bere hautetsontzi propioa izan behar du erabaki ahal izateko" zioen Zelai Nikolas eledunak San Mames erdigunetik, "Borondateak ehundu behar ditugu horretarako eta horretan aritu gara sortu ginenetik. Borondateak ehundu; zer, nola eta noiz adostu; eta azkenik, erabaki. Hori da bidea".

Bide horretan, Gure Esku Dago dinamikaren eskaintza euskal herritarrei "hirukoitza da". "Anbizioa eskaintzen diegu, determinazioa eta herritarren borondatea. Azken helburura iristeko ezinbetekoa da grina, anbizioa. GU-RE ES-KU DA-GO esateak berak dakarren determinazioa, jarrera, txipa aldaketa; eta oihal zati horietako bakoitzean islatzen den milaka herritarren borondatea, aldarri duguna egikaritzeko".

Hautetsontziari begira jarrita, erabakitzen hasteko lehen pausoak eman ziren atzokoan.

 

Aulki hutsak betetzeko deia

"Pozik gaude" zioten Gure Esku Dago ekimeneko antolatzaileek arratsaldean, "pozik eta emozionatuta". Atzokoa sentimenduz betetako eguna zen. Eta horrek, "sentitutako guztiak erakutsi digu baietz, erabakiaren aroan sartzeko ordua dela".

Egunaren hasierak aurreikuspen guztiak gainditu zituen. Hiriburuak "oihalez, borondatez eta konpromisoz bete ditugu", zioen Zelai Nikolasek. "Erabakitzeko eskubideak batu gaitu guztiok, eta zirrara izugarria izan da oihal katetan sentitutakoa".

Arratsaldeko ekitaldiek, ordea, ilusio eta emozio guzti horiek azaleratzeaz gain, "aulki hutsak ere jarri dizkigu parez pare zenbait lekutan". Herritarrez betetako aulki askoren alboan, hutsak ere baziren. Eta hori horrela, "aulki huts horiek eskaintza bilakatu nahi ditugu. Aulki huts horiek oraindik ere batu ez ditugun herritarrei egiten diegun eskaintza dira. Umiltasunez, determinazioz eta borondatez. Sinesten dugulako badagoela oraindik herri honetan aulki horien jaberik".

Aniztasunaren jaia

Etorkizuna "elkarrekin" erabakitzeko mezua aniztasunez eta kolorez hornitu zuten San Mamesen. Jatorri, arraza, hizkuntza eta kultura ezberdineko lagunek parte hartu zuten bi orduko jaialdian. Euskal Herriratutako lagunak eta Euskal Herrian jaioak eszenatokian elkarrekin Laboaren 'Txoriak txori' interpretatzean, Txema Montoia aurkezleetako baten hitzak adierazgarriak izan ziren: "Zelako nahastea".

Jose Anjel Iribarrek milaka lagunen lehen txalo zaparrada eragin zuen, "erabakitzeko eskubidea gu gara" oihu egin zuenean. Reyes Prados sevillar eta "euskaldun ere" sentitzen denak bere esperientzia partekatu zuen publikoarekin: "Euskaldunek erabakitzeko eskubidea zutela ohartu nintzen. Zergatik ez? Gure esku beharko luke ezta", galdetzen zuen. Andoni Aizpuruk, berriz, eskaria zelairatu zuen: "Gauza bat eskatzen dugu: maitasunetik besteek ere gu errespeta gaitzatela. Herri bat izan nahi dugu".

Senegaldarren danbor soinuekin egin zuten bertsotan Unai Iturriagak eta Igor Elortzak, eta Zea Maysen Negua joan da ta abestiarekin San Mameseko oihal guztiak dantzan jarri ziren.

Sentsazio gazi-gozoa utzi zuen ekitaldiak. Batik bat, San Mames betetzeko apustua -50.000 lagunekin- handi geratu zelako. 25.000 lagun egon arren eta egun beroa izan arren, hotz samarra izan zen jaialdia. Soinua ez zen ona izan, aurkezleen eta hizlariei tarteka ez zitzaien ulertu, eta eszenatokia harmailetatik txiki eta urruti geratu zen. Agian, belardia ezin zapaltzeagatik.

Ekitaldiaren bideoa ikusteko klikatu hemen

 

Itsasadar bazterrak bete oihal

Ehunka boluntariok goizean goizetik oihalak lotzen jardun zuten Areatzako eta Euskaldunako zubien artean, bazter batean eta bestean. Eguerdian suzirien leherketarekin bat, altxatu zuten zazpi kilometro luze zen ohial katea ordurako milaka ziren herritarrek. Jaso eta astindu, olatu bihurtzeraino. Ordu erdiz, gehienek eguzki galgatan, eutsi zioten oihal kateari. Joaldun, gaitero, txistulari eta txarangek giro are gehiago berotu zuten.

Bilbotarrek Euskalduna eta Salbeko zubiaren arteko tartea bete zuten. Alde Zaharreko auzotar batek ezin ezkuta zezakeen "ilusio handia" zuen: "Gaurkoa beste urrats bat da erabakitzeko eskubidearen bidean".

Ikusi oihal kateko argazkiak hemen

Argazkiak: Gure Esku Dago / www.flickr.com/photos/gureeskudago 

gureeskudago.eus

[2015/06/17] Urte osoko joste lanak irudikatuko dituzte San Mamesen 2016an erabakia gauzatzen hasteko

[2015/06/17] San Mameseratzeko deia

[2015/06/16] Azken txanpan "ingurua astindu eta aktibatzeko" dei egin du Gure Esku Dagok

[2015/06/10] Gure Esku Dago: "Garrantzitsua da San Mameserako sarrera aurretiaz eskuratzea"

[2015/06/09] 'Gaur hautetsontzia, bihar erabakia'

[2015/06/08] Ehuntze egun jendetsua Deustun

[2015/06/08] Giza eta oihal kate indautxuarra

[2015/06/05] Erabakitzeko eskubidearen korrontea San Mamesera bidean

[2015/06/02] Erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katea Indautxun

[2015/05/29] Gure Esku Dago: "Erabakia nola eta noiz gauzatu da gure erronka, eta horretara goaz"

[2015/04/22] Gure Esku Dago dinamika herritarrak badu erreferentziarako lokala Bilbon

[2015/04/20] Gure Esku Dago: Bizkaiko lokalaren inaugurazioa Bilboko Buenos Aires kalean

[2015/04/14] Erabakitzeko borondatez jositako oihala San Mames zelaia estaltzeko

[2015/03/24] Erabakitzeko eskubidearen alde urrats berri bat

[2015/02/26] IBAIZABAL: Gure Esku Dago-ren proposamen berriak

[2014/12/17] 'Jostunak' dokumentala estreinatu du Gure Esku Dago ekimenak