Ekimen berriak antolatu dituzte zenbait auzotan 'Herriko tabernen' defentsan

uriola.eus 2015ko uzt. 2a, 08:40

Herriko tabernen aurkako epaia berretsi zuen Auzitegi Gorenak ekainaren 18an, eta Euskal Herriko 107 taberna eta elkarte itxi eta konfiskatzeko agindu du, tartean daude Bilboko zortzi Herriko. Erabaki honen aurrean eta sententzia errefusatzeko, Indautxun, Bilbo Zaharrean, Santutxun eta Alde Zaharrean, ekimenak egin zituzten aurreko asteburuan. Gaur, "Deustuko Herriko Taberna libre!" lelopean, argazki erraldoia egingo dute Done Petri plazan, 19:30ean, eta ondoren, Herrikoa plazara eraman eta bertan, musika zein jan-edana egongo da. Datozen egunetarako beste hainbat ekintza prestatu dituzte auzo ezberdinetan. 

Iazko uztailean Auzitegi Nazionalak, 35/02 sumarioaren baitan, emandako epaiak 20 lagun zigortzeko eta 103 Herriko taberna konfiskatzeko agindua eman zuen, "ETAren fronte instituzionala" osatzeagatik eta "ETAren egitura" finantzatzeagatik. Epai horren aurka aurkeztutako helegitea partzialki onartu zuen Auzitegi Gorenak aurreko astean.

Sententziaren aurrean Bilboko auzo ezberdinetan protestak egin ziren asteburuan eta oraindik ere beste hainbat ekimen antolatu dituzte.

Gaur arratsaldeko 19:30ean, Deustun, Done Petri plazan, argazki erraldoia aterako dute eta ondoren, Herriko Taberna plazara eraman eta musika, jatekoa eta edatekoa eskainiko dituzte.

Larunbatean, uztailak 4, 'Azken aurreko guda dantza jaia' prestatu dute. Egun osoan zehar, poteo musikatua, bazkaria, zuzeneko musika eta jaia egongo dira. Bazkarirako 10 euro ordaindu beharko dira; 5 euro langabetu eta gazteek. 

Alde Zaharreko auzokideek, bestalde, Flashmoba egingo dute larunbatean, uztailak 4, "Errondabide libre!" lelopean. 11:30ean, entsaioa izango da eta ondoren, 13:30ean, grabaketa. Flashmoba prestatzen joateko bideoa youtuben dago, "Errondabide babestuz flashmob" izenarekin. 

Bestalde, uztailaren 10ean, ostirala, Uribarri elkarteak kontzertua prestatu du 20:00etan, Uribarriko "A" zeharkaleko 1. zenbakian. Bertan, Oihanlariak! entzungai egongo dira, Kimo eta Suaia; haien reggae, dance eta jungle erritmoekin. 

 

[2015/06/29] Laranja kolorea nagusitu da asteburuan hainbat auzotan 'Herriko tabernen' defentsan

[2015/06/26] Epaia salatzeko eta 'Herriko tabernak' defendatzeko hainbat deialdi egin dituzte Bilbon

[2015-06-25] Epaia salatzeko eta 'Herriko tabernak' defendatzeko dei egin dio jendarteari ezker abertzaleak

[2015-06-22] Deustun eta Alde Zaharrean 'Herriko tabernaren' defentsan

[2014/07/30] 'Herriko tabernen' itxiera salatu dute ehunka herritarrek

[2014/07/30] Bilboko 10 'Herriko taberna' konfiskatuko dira Auzitegi Gorenaren aginduz

[2014/07/30] Ezker abertzaleko lau militante bilbotar zigortu dituzte 'herrikoen' auzian

[2014/03/20] Karmelo Landa: Herriko Tabernen auziaren amaieran, 8 ondorio

[2014/03/12] Bilboko Herriko Tabernei babesa helarazteko elkarretaratzeak gaur