Antolaketak gonbidatu dituen lau jauzilariek estreinatu dute Salbeko arranpa. Kyle Mitrione amerikarra izan zen Ibaizabaleko uretara jauzi egiten lehena. Berarekin batera Kris Kolanus, Miguel Garcia eta Sergio Guzman aritu ziren 27 metrotik saltoka. Aurreko eguneko haizearen eta euriaren arrastorik gabe.
Bai Campo Volantinen bai Uribitarteko pasealekuan hainbat lagun bildu ziren 14 lehiakideentzat hautazkoak ziren entrenamenduen lekuko. Bi orduko tartea izan zuten arranpa eta ura frogatzeko, eta izarrak azken orduan iritsi ziren. Txalo egin zieten ikusleek eta ehunka argazki egin zieten. Harridura ohiuak ere entzun ziren jauzilarien salto eta itzuliek eta uretan murgiltzeko kolpeak eraginda.
Gaur 14:00etan entrenamendu laburraren ostean hasiko da sailkapen txanda. Bi orduko saioa aurreikusi dute antolatzaileek, 16:00ak bitarteakoa gutxi gorabehera.
Larunbata egun handia izango da. Alberto Dueñas dantzariak, iaz bezala, aurreskua dantzatuko du 27 metroko garaieratik. Pausoak laburtu beharko ditu arranparen neurrietara egokitzeko.
14:00-14:30 bitartean aurkeztuko dituzte jauzilariak eta 15:00etan ekingo diote 'Red Bull Cliff Diving World Series Bilbao 2015'-eko final handiari. Bi ordura, 17:00etan, jarriko diote txapela Gary Hunt txapeldunari, bosgarrenez.
Iaz, 53.000 lagun batu ziren Ibaizabalen bi bazterretan jauzilariak ikusteko.
Gary Hunt, irabazlea
2015. urteko munduko serieek badute munduko irabazle bat; izan ere, Gary Hunt britainiarrak lehiatutako zazpi probetatik sei irabazi ditu orain arte. Hala ere, ez da emoziorik faltako, besteak beste, bigarren postua jokoan dagoelako -Orlando Duque eta Jonathan Paredesen artean- eta 2016. urteko munduko serieetako programazioan zuzenean sailkatu ahal izateko sei plazetatik hiru esleitu barik daudelako oraindik. Oraingoz, Gary Hunt, Orlando Duque eta Jonathan Paredesdira plazak gordeta dituzten bakarrak. Hortaz, Bilbon erabakiko da nor lehiatuko den 2016an 10 onenen artean.
29 urteko jauzilari honek ia ez du atsedenik eduki 2009an lehenengo 'Red Bull Cliff Diving World Series' delakoan finalista izan zenetik. 2010ean sei podiumetik sei lortu zituen Gary Huntek, eta horrek berehala lehiaketari ospetsu bihurtu zuen. Urte horretan, Hawain izandako fasean (hori baita kirol honen jaiolekua), Huntek tokia kendu zion Orlando Duqueri munduko nagusigoan.
Artem Silchenko errusiarra izan zen garaile iazko Bilboko saioan. Bigarren postuan geratu zen Hunt izan zen azkenik txapelketako garailea, 2012, 2011 eta 2010ean bezalaxe.
'Red Bull Cliff Diving World Series 2015' - Agenda
Irailak 25 / Ostirala
14.00 - 16.00 Entrenamenduak eta sailkapen-txanda
Irailak 26 / Larunbata
14.00 - 14.30 Jauzilarien aurkezpena
15.00 - 17.00 Red Bull Cliff Diving World Series Bilbao 2015
17.00 Sariak ematea
Aldaketak
Irailak 26 bitartean, larunbata, ibilgailuen zirkulazioa etengo da Salbe zubian eta oinezkoak Campo Volantin pasealekuaren aldeko espaloitik bakarrik ibili ahalko dira, segurtasun neurriak direla eta. Bestalde, ibilgailuen zirkulazioa eten egingo da Errekalde zumarkalean, Salberako noranzkoan, Moyua plazaren eta Salbe zubiaren artean, garraio publikorako izan ezik. Zeharkako kaleetan zirkulazioa libre egongo da.
Neurri hau Salbe zubian, 'Red Bull Cliff Diving World Series' lehiaketa egiteko hartuko da, eta kotxeek Ugasko tunela eta Deustuko zubia erabili ahalko dituzte ordezko bide bezala.
Lehiaketa honek gainera, beste neurri batzuk eragingo ditu. Gaurtik larunbatera, Salbeko igogailuak eten egingo du Deustuko Zubitik hurbileneko igogailuaren zerbitzua zirkulazio-etenek iraun bitartean. Hau da, gaur, irailak 24, 12:00etatik 16:00etara; hilak 25, 13:00etatik 17:00etara; eta larunbatean, hilak 26, 12:30etatik 18:30etara. Beste igogailua zerbitzuan egongo da momentu oro.
[2015-09-23] Salbeko zubia eta ingurua jauzietarako prestaketa lanetan
[2015-09-21] 27 metroko Salbetik saltoka munduko jauzilari onenak bigarranez
[2015-09-02] 50. txapelketako azken jauziak Salbekoak