Joan den asteartean, Hassanna Aalia, giza eskubideen ekintzaile sahararra, Burgosen atxilotua izan zen eta poliziak espainiar Estatuan “modu ilegalean” egotea egotzita hamabost egunetan kanporatua izateko arriskuan dago berriz ere, nahiz eta Espainiako Auzitegi Nazionalean kanporaketa aginduaren aurka helegitea aurkeztu duen.
Bilboko Udaleko alderdiek babestu duten adiearazpenean zehazten da Hassanna bere herrialdera bueltatzen bada, "Marokoko agintaritza okupatzaileak zigor gogorra ezarriko diola eta, honezkero, ez da kartzelatik bizitza osoan irtengo. Berak politika arloan nazioarteko aitorpena jasotzeagatik eta saharar herriaren autodeterminazio eskubidearen alde modu baketsuan borrokan dabilen pertsona aktiboa izateagatik sortu da honako egoera hau".
Joan den ostiralean Bilbon elkartu ziren 100 bat lagunek Hassanna eta Saharar Herriarekiko elkartasuna adierazteaz gain, "Maroko eta Espainiar estatuen politika inperialistak eta errepresiboak, zein iheslariekiko duen jarrera" salatu zuten, "pertsona batzuk babesteko konpromisoa adierazten duenean beste batzuk kanporatzen dituelako".
Hassanna "saharar herriaren askatasunaren alde borrokan diharduten milaka saharauiren –gazte, emakume eta gizon– irudia da". Baina Hassanna hori baino gehiago ere bada. "Auzitegi militar batean Marokok ilegalki okupatutako beraien lurraldean sahararrak izateagatik epaituak eta zigortuak izan zirenen itxaropena ere bada". Bizkaiko hainbat gizarte eragilek babestu dute Hassanna eta Auzitegi Nazionalak erabakitzeke duen Espainiako Estatuari egin dion asilo eskaria. "Horregatik, herri sahararrak autodeterminaziorako duen eskubidea ozen aldarrikatu nahi dugu beste behin ere".
Gizarte eragileen esanetan, "Marokok Mendebaldeko Saharako baliabide naturalak ustiatzen dituen moduan, Estatu espainolak bere lurraldetik urrun lortutako askatasuna kendu nahi dio Hassanari. Eta bien bitartean gu inperialismoaren aurkako herrion borroka aske egingo gaituena dela eaten jarraituko dugu".
2010ean atxilotu, torturatu eta espetxeratu zuten Hassanna Aalia. 2013an bizi osorako kartzela zigorra ezarri zion Marokoko auzitegi militarrak. 2015ean Espainiako Estatuak asilo politikoa ukatu zionean Hassannak errekurtsoa aurkeztu zuen Auzitegi Nazionalean, egun, oraindik ebazteke dagoena. Marokora kanporatua bada bizi osorako zigorrari egin beharko dio aurre.
Elkarrizketa Hassannari
Hassanna Aalia gazte saharrarak hitzaldia eman zuen atzo Leioan, Hezkuntza fakultatean. 500 bat ikasle bildu ziren errefuxiatu sahararraren hitzaldia entzuteko. Ikasgela goraino zegoenez, azkenean fakultateko gimnasioan izan zen hitzaldia.
leioatik.info agerkariak elkarrizketatu zuen hitzaldi ostean Hassanna Aalia.
[2015-10-09] "Hassana libre Sahara aske batean"
[2015-10-09] Hassanna Aaliaren kanporatze aginduaren aurka elkarretaratzea egingo dute
[2015-10-08] Hassanna Aaliaren asilo eskaera aintzat hartzeko eskatu du Bilboko Udalak
[2015-02-20] Hassanna Aaliari babesa eman dio Bilboko Udalak
[2015-02-02] Hassanna Aaliarentzat asilo politikoa aldarrikatu dute Bilbon
[2015/01/30] Hassana Aalia babesteko manifestaziora deitu dute bihar