Lore-eskaintza 12:00etan hasiko da Juan Mari Aburto Bilboko alkateak zuzenduta, gainerako Udalkideak nahiz hiriko hainbat erakunde eta gizarte-eragileren ordezkariak aldean dituela.
Aurten ere, herritarrei, elkarteei eta eremu soziokulturaleko nahiz auzoetako kolektiboei, Oroimenaren Eguna ospatzeko antolatu den ekitaldi honetan parte hartzeko deia luzatu die Udalak.
Hutsuneak
Bilboko Memoriaren Mapan aurkitutako "hutsune eta akats larriak" biltzen dituen txostena eman zion atzo goizean Aitziber Ibaibarriagak, EH Bilduren Udal Taldeko bozeramaileak, Juan Mari Aburto alkateari. Memoriaren Mapa hori Lakuak Udalari emandakoa da.
Egungo Memoriaren Mapak ez ditu bizitza eskubidearen "urraketa guztiak biltzen", Ibaibarriagaren esanetan. Izan ere, "bizitza eskubidearen urraketaren irizpidea memoria barneratzaile eta oso bat lortzeko baremo egokiena dela uste dugu. Bizitza eskubidea urratu zaionari biktima izaera kentzea ez da bizikidetzan aurrera egiteko modurik egokiena. Hori bada, behintzat, Memoriaren Maparen helburua", azpimarratu du EH Bilduko bozeramaileak.
Hori dela eta, EH Bilduk zerrendan aurkitutako hutsuneak bete eta akatsak zuzendu nahi izan ditu. Koalizio soberanistak uste du Bilbon izandako bizitza eskubidearen urraketak gogoratu nahi dituen edozein ekitaldik ezin dituela ahaztu Javier Etxebarrieta Ortiz, Mikel Martinez de Murgia Mendizabal, Jon Aranguren Mujika, Ricardo Gomez Goikoetxea, Antonio Luis Hoyo Fernandez, Joseba Asensio Artaraz, Juan Calvo Azabal, Arkaitz Otazua eta Iñigo Cabacas Liceranzu.
Udalak antolaturiko lore eskaintzan parte hartuko du EH Bilduk gaur eguerdian, eta alkateari eskatu dio Casilda Parkeko monolitoaren izena aldatzeko, "indarkeriaren biktima guztiak aipatuz barneratzailea izan dadin".
Arratsaldean
Bestalde, "dispertsioak eragindako 16 biktimek aitortzarik gabe jarraitzen duten honetan", Etxerat Elkarteak elkarretaratzea deitu du 17:30ean, Bilboko Memoriaren Institutuaren aurrean (Maria Lopez de Harokoa, 3), 'Noizko dispertsioak eraildako 16 biktimen aitortza? Dónde está su memoria?' lelopean.
Oroimenaren Eguna 2010eko maiatzean ezarri zuten Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde nagusiek. Azaroaren 10a aukeratu zuten, egun horretan ez baita inoiz heriotza-atentaturik gertatu.
[2015-09-04] Indarkeriaren biktimak eta dispertsioaren biktimak oroituko dituzte
[2015-01-23] Indarkeriak hildako 95 pertsonen 'Memoriaren erretratuak' Bilboko Udalaren esku daude