Cabacas auzia, lau urte "lotsagarri eta mingarri"

uriola.eus 2016ko api. 5a, 13:58

Apirilaren 11n lau urte beteko dira Iñigo Cabacas Liceranzu gaztea Ertzaintzak jaurtitako pilotakada baten ondorioz hil zela. "Lau urte epaiketa egin gabe, oraindik instrukzio fasean, soilik bost edo sei ertzain inputatuta egonda eta arduradun politiko bat bera inputatu gabe". Iñigo Gogoan herri ekimenak, egoera "lotsagarria eta mingarria" dela gogoratu du eta dei egin du larunbateko omenaldian eta igandeko manifestazioan parte hartzera.

"Ezinbestekotzat" jo dute gaurko agerraldian Iñigo Cabacasen familiari eta lagunei "elkartasuna adieraztea" eta Iñigoren "oroimena zaintzea". Horretarako, hainbat deialdi egin dituzte Iñigo Gogoan herri ekimeneko kideek.

Lehena bihar, hilak 6, izango da. Iñigoren BBVAko lankideek giza katea osatuko dute eguerdian Plaza Biribilean hasita, PSEren egoitzara arte. 2012ko apirilean Barne Saila eta Ertzaintza PSE alderdiko Rodolfo Aresek zuzentzen zuela gogoratu nahi dute horrela.

Athleticek Sevillaren aurka ostegunean, hilak 7, jokatuko duen Europa Leagueko partidua baino lehen, 18:00etan, Iñigo Cabacas Herri Harmailak eta Ultras BN taldeak Kirruli tabernan jarri dute hitzordua San Mameserainoko bidea zaleek elkarrekin egin dezaten 'Iñigo juztizia. 4 años sin respuesta' lelopean.

Apirilaren 9an, larunbata, urteroko omenaldian elkartuko dira Iñigoren senide eta lagunak Basauriko gazteak pilotakada jaso zuen lekuan, Indautxuko Kirruli tabernaren parean 12:30ean. Bertan, besteak beste, kirol eta kulturaren arlotik jasotako atxikimenduen berri emango dutela aurreratu du gaur Oier Amorrortu, Iñigoren lehengusuak. "Familia babestu eta kasua kritikatu dutenen atxikimendua", hain zuzen ere.

Igandean, berriz, apirilaren 10ean, manifestazioa deitu dute 17:30ean. Bizkaiko Justizia Jauregitik abiatuko da, Buenos Aires kaletik, eta Kirruli tabernara arteko ibilbidea egingo dute manifestariek. Hasiera lekua ez da beren-beregi hautatu dute. Justizia Jauregian dagoelako oraindik orain, instrukzio fasean, Iñigoren heriotza argitzeko kasua. "Justiziak ere baduela bere papera honetan" aldarrikatzeko abiatuko da martxa bertatik.

"Ez dutelako arazoaren muinean sartu nahi"

Legeak instrukziorako aurreikusitako epea ekainean amaituko da. "Epearen muga" eta, era berean, "une erabakiorra" iritsiko da ekainarekin bat, Amorroturen hitzetan. Epaileak kasua artxibatu edo ahozko auzia ireki dezake. Calparsoro EAEKo fiskal burua, esaterako, kasuaren "konplexutasunagatik", ez da epemuga luzatzearen alde agertu auziari buruz galdetu zaionean. 

"Guk nahikoa zantzu badagoela uste dugu ahozko epaiketari hasiera emateko", adierazi dute Iñigo Gogoan ekimeneko kideek. Epaiketari hasiera ematen ez bazaio "interes faltagatik izango da", "ez dutelako arazoaren muinean sartu nahi", eta muinean sartzeak Ertzaintzaren "hainbat jokabide onartzea" suposatzen du. Cabacasen kasuan, zehazki, "'denarekin sartzea' agindu zuten istilurik ez zegoen lekuan eta egoera kontrolatuta zegoen lekuan".

Hain zuzen ere, Kirruli taberna kokatuta dagoen Indautxuko kalezuloan egoera kontrolpean zegoela adierazi zuen ertzainak deklaratuko du hurrengo astelehenean, hilak 11. Bere lekukotza "mamitsua izatea" espero dute Iñigoren lagun eta senideek. "Pilotak ardura gabe jaurti zituztela" frogatzeko garrantzitsua izan daitekeela uste dute.

 

Hutsuneengatik, utzikeriagatik eta deskontrolagatik ardura politikoa 

Iñigo Gogoan herri ekimenak bere sorreratik, duela lau urtetik, "arduradun politikoen erantzukizuna" eskatu du Cabacas auzian. Eskatu arren, "ez Aresen ez Ertzaintzako mandoen erantzukizunik ez da epaiketan agertu". Horregatik nabarmendu dute Ertzaintzaren, Barne Sailaren eta Eusko Jaurlaritzaren "hutsuneak eta utzikeria" agerian geratu direla, besteak beste, "piloten eta armen deskontrolagatik". Auzian zehar, "aipatu da ertzainek ez zutela formaziorik edota armen erregistroa ez zela egin. Eusko Jaurlaritzaren esku dago guzti hori kontrolatzea. Deskontrolatuta badaude pilotak eta armak, nori esango diogu? Armazainari ala bere nagusiari", galdetu du Amorrortuk.

Lau urte hauetan politikariek "hainbat bertsio" zabaldu dituztela salatu dute, gaia "desbideratzeko" asmoz.

 

[2016-04-05] “Mingarria da Iñigo Cabacasen erailketaren arduradunik eza urtero salatu beharra”

[2016-03-01] Iñigo Gogoan: "Lau urte eta ez dago epaiketarik, eta baliteke ez egotea"

[2016-02-29] "Injustizia egoera lazgarria" salatuko dute Cabacasen senide eta lagunek

[2016-02-22] Cabacas hil zuen operatiboko buruak hildakoaren familiari 777.000 euro eskatu dizkio

[2016-02-10] Cabacas auzian beste ertzain bat inputatu du epaileak

[2015/06/26] Aresen izendapena Memoriaren Institutuan "ilogikoa" eta "mingarria" da Cabacasen hurkoentzat

[2015/06/17] 'Ugartekok' hiru urteren ostean deklaratzea "ulertezina" eta "lazgarria" da Iñigo Cabacasen lagun eta senideentzat

[2015/06/16] Cabacas kasuaren baitan 'Ugartekok' lekuko gisa deklaratuko du bihar Cabacas kasuaren baitan 'Ugartekok' lekuko gisa deklaratuko du bihar

[2015/04/09] Iñigo Cabacas, 1.095 egun erantzukizunak argitu gabe

[2015/03/24] Udalak Iñigo Cabacas omenduko du ostiralean

[2015/02/12] "Hiru urte eta gero beharrezkoa da honekin bukatzea; gurasoengatik eta Iñigogatik"