"Kataluniako galdeketa babesteko unea" eta horretarako hitzorduak

uriola.eus 2017ko ira. 14a, 12:34

Asko dira hurrengo egunetan herri mugimenduek Bilbon antolatutako ekimenak Kataluniako urriaren 1eko erreferendumari sostengua emateko. Larunbatean Gure Esku Dago (GED) plataformak kataluniarren galdeketari babes emanez manifestazioa antolatu du Bilbon. Egun bat lehenago, bihar, ostirala, kalejira antolatu du Deustuko GED lantaldeak. Ernai gazte erakundeak, aldiz, irailaren 21ean manifestazioa egingo du. 

Katalunian azken egunotan izan diren gertakariak salatu dituzte Gure Esku Dago ekimeneko Angel Oiarbide eta Zelai Nikolas bozeramaileek. Kezkagarritzat jo dute Kataluniako erakunde, inprenta, komunikabide eta alkateen aurka Espainiako gobernua gauzatzen ari den "jazarpena" urriaren 1eko galdeketa "oztopatzeko". "Oso, oso larria eta onartezina da XXI. demokrazian". Egoera honen aurrean, "nahikoa dela esan behar dugu Euskal Herritik", erantsi du Oiarbidek, batik bat Katuniako herritarrak eta erakundeak "jarrera eredugarria eta baketsua" adierazten ari direnean. 

Kataluniaren auzia "gurera ekarrita", euskal herritarrek larunbateko manifestazioan parte hartzeko azken deia egin dute. Mobilizazioaren helburua "ez baita soilik" Kataluniako erreferendumari babesa adieraztea. "Demokraziaren eta erabakitzeko eskubidearen aldarria gurea ere bada eta Euskal Herrian ere erabakiaren bidean urratsak egin nahi ditugu", adierazi dute. Bide hori "elkarrekin" egitera deitu dituzte euskal herritarrak eta eragileak, "guztiok bat eginda". Larunbateko manifestazioak batasun eta elkartasun horren "isla" izan nahi du. "Mobilizazio herritarra, anitza eta bateratzailea".

"Jende uholdea" espero dute antolakuntzako lagunek larunbatean 17:30ean La Casillan, Bozkatu erabakitzeko Demokrazia lelopean, Kataluniako herritarren "gehiengoaren borondateari begirunea eta errespetua adierazteko" manifestazioan. Ekitaldia egunez egun atxikimenduak pilatuz joan da. Hasierako 40 bat pertsona ezagunei azken egunotan hainbat eragile eta erakunde batzeraino. Besteak beste, EAJ alderdia, atzo jakitera eman zuenez.

 

 

Ostiralean, Deustun hitzordua

Manifestazioaren bezperan, ostiralean, kalejira antolatu du Deustuko GED lantaldeak Deustu Kataluniarekin goiburuarekin. 20:30ean Done Petri plazatik hasita, Blas de Otero, Iruña, Agirre lehendakaria eta Ramon y Cajal kaleetatik pasako da elkartasun kalejira. 

 

Irailak 21, manifestazioa
"Espainiako erresumako gobernu eta honen auzitegien mehatxuen gainetik", urriaren 1ean erreferendum "historikoa burutzera doa" Kataluniako herria Ernai gazte erakundearen arabera. Bide horretan Estatuko herrien laguntza eta elkartasuna kataluniarrek "ezinbestekoa" dutela nabarmendu du Ernaik, "oligopolio mediatikoek intoxikatu egin nahi duten bideorrian". Horregatik, irailaren 21ean, ostegunean, 19:30ean manifestazioa deitu du erakundeak Etxebarrieta Anaien Plazatik, "herrialde katalanekiko elkartasun iraultzaile beroa helarazi eta Euskal Herriak ere bere etorkizuna erabakitzeko hitza hartu behar duela lau haizetara oihukatzeko".
 
Baimenik ez aske izateko lemapean, gazteek kaleak hartuko dituzte, oihu argi batekin "independentzia!".

Erreferendumaren astean bertan, irailaren 28an, "mobilizazio egun nazionala" antolatu du Ernaik Bilbon, 12:30ean Eliptika plazatik aterako den manifestazioarekin.