Pentsio duin eta publikoen aldeko aldarria Espainiako Gobernuaren aurrera eramango dute

uriola.eus 2018ko ots. 22a, 08:58

Argazkia: Ecuador Etxea

Aurreko asteetan, astelehenero, Udaletxe aurrean zabaldutako aldarria gaur Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren aurrean zabalduko dute Bizkaiko pentsiodunek. Pentsioen %0,25eko igoera "ziztrina" errefusatu eta KPIren araberako urtez urteko igoera "etengabea" exijituko dute, "pentsiodunik egon ez dadin hilean 1.080 euro baino gutxiagorekin". 

"Gogaitu" direla diote, azken urteetan pentsioak %0,25 igo direlako, eta igoera "ziztrina" delako. Hori dela eta, Bizkaiko pentsiodunek 2022ra arte egoera horretan jarraitzeko prest ez daudela adieraziko dute. Horregatik egin dute bat Estatu mailako deialdiarekin, eta Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzara joko dute eguerdian, manifestazioan, Donostian egingo duten bezala, eta arratsaldean Gasteizen eta Iruñean.

"Amorratuta" daude Fatima Bañez ministroaren hitzekin. Pentsiodunek erosteko ahalmena ez dutela galdu esan du Bañezek. "Ministroa gezurretan ari da pentsioak mantendu ahal izateko gehiago igo ezin dituela dioenean". Bizkaiko Pentsiodunen Elkarteen Plataformaren arabera, errealitateak Bañezek esandakoarekin ez du zerikusirik, "Estatu mailan aberastasunak 2008aren aurreko maila gainditu duenean, bankaren irabaziek gora eginez jarraitzen dutenean eta enpresa handietan ordainsariak %15 handitu direnean". 

Pentsio publikoen murrizketa ez da gauza berria, aspaldian hasitako murrizketa baizik, eta plataformak salatu duenez, "behin-betiko kolpea prestatzen ari direla dirudi, era mailakatuan pentsioak miseriara mugatuz".

Mariano Rajoyren gobernuari egindakoa argiro azaltzeko eskatu diote: "Soldatak jaisteko eta prekaritatea eta enpleguaren behin-behinekotasuna handitzeko hainbat lan-erreforma egin dituztela enpresarien mesedetan, langileen txirotasuna eta kotizazioen murrizketa eraginez eta pentsioen kutxa ahulduz". Ildo horretan, pentsiodunentzat funtsezkoa da PP alderdiak "maskara kentzea" eta bere benetako asmoa aitortzea: "Segurantza Soziala pribatizatu nahi duela, finantza botere handien eta aseguru konpainien mesedetan".  

Mobilizazio jendetsuak

Testuinguru honetan pentsiodunek mobilizazio jendetsuak burutu dituzte Bilbon, astelehenero udaletxe aurrean, Bizkaiko hainbat herritan, Hego Euskal Herrian, eta oro har Estatuan "pentsio publikoak eta duinak defendatzeko xedez". Ez hilean 480 euroko pentsioak –alargunen gutxiengo pentsioa– ez EAEko 170.000 lagunek –erdiak bizkaitarrak– hilean jasotzen dituzten 700 eurotik beherako pentsioak. "Nekez bizitzeko pentsioak baitira horiek".                                 

Plataformaren hitzetan, pentsio duinak gutxienez 1.080 eurokoak dira, eta urtero KPIren arabera eguneratzen direnak. Baldintza horietan soilik lortuko dute pentsiodunek erosteko ahalmenari eustea. 

Asko eta anitzak dira pentsiodunak. "Ez gara soilik jubilatuak", plataformako kideek diotenez, "alargunak, umezurtzak edota urritasunen bat dugunak ere bagara". Hori horrela, euren aldarrikapena pentsiodunen artetik gizarte osora zabaltzeko premia azpimarratu dute, eta horregatik jarraituko dute astelehenero tinko mobilizatzen.

 

[2018-02-21] Pentsio duinak eskatzeko manifestazioa egingo dute bihar

[2018-02-12] Bosgarrenean ere lepo

[2018-02-06] Adarjotzea salatu eta pentsio duinak aldarrikatu dituzte

[2018-01-31] Pentsio duinak eskatzeko manifestazioak egingo dituzte

[2018-01-30] Pentsio duinak eskatuz kontzentrazio jendetsua egin dute astelehenean Bilbon