ERIKA VÁZQUEZ

Athletic-en golegile zitalenak agur esango die berdeguneei

Pablo Martínez Canibe 2022ko mai. 11a, 12:29
Erika Vázquez Eibarren aurka aurredenboraldiko partida batean (Irudia: Athletic Club)

Profesionaletan hogei urte jokatu ostean erretiroa hartuko du Athleticeko aurrelariak. Taldeko emakumezko golegile nagusia eta partida gehien jokatu dituena bihurtu da. Hamazazpi denboraldietan 263 gol sartu eta 422 partida jokatu ditu.

Historiako ikurretako bat galduko du igande honetan Athletic-ek Erika Vázquezen erretiroarekin. Azken bi hamarkadetan zuri-gorrien golegile zitalena izan dena agur esango die berdeguneei 20 denboraldiren ostean. 39 urteko aurrelari nafarrak hamazazpi denboraldi eman ditu Lezaman eta guztira 422 partida jokatu ditu, Eli Ibarrak (413 partida) zuen errekorra apurtuz. 263 gol sartu ditu denbora horretan; taldeak izan duen golegile nagusiena eta eraginkorrena. 

2002 egin zuen debuta lehenengo mailan Barañaingo Lagunak taldearekin eta bi urteren ostean Patxi Juaristiren deia jaso zuen Athletic-en jokatzeko. Zuri-gorriak liga irabazi zuten aurreko bi urteetan eta ez zuen lan erreza izango. Hala ere lehen egunetik bere kalitatea erakutsi zuen eta ligan 26 gol sartu zituen eta hirugarren ligaren lorpenean gakoa izan zen. Txapeldunen ligan ere, sei gol sartu zituen; Newtownabbey Strikers talde irlandarraren kontra egin zuen debuta eta lehen gola.

Golak egiten jarraitu zuen eta hirugarren urtean beste liga bat lortu zuen, 13 gol lortu ostean. Aurrelaria ez da inoiz nekatu eta denboraldi guztietan 10 gol baino gehiago lortu izan ditu, erregulartasun handia mantenduz. Denboraldi onenean, 2008-2009an 32 goletara heldu zen; lehen mailako historiako bosgarren zifra altuena denboraldi bakarrean. 

2010ean parentesi bat egin zuen, eta Lezamatik alde egin zuen Espanyolen jokatzeko, baina denboraldi bat besterik ez zuen iraun Bilbotik urrun. Urte hartan ligan eta kopan bigarren geratu zen eta hurrengo hiru denboraldietan Athletic-ekin bigarren geratu ostean, azkenik bere hirugarren liga irabaztea lortu zuen 2015-2016 denboraldian. 

Urte zailak

Liga irabazi osteko denboraldiak ez dira errazak izan eta batez ere azken hirurak. Ligaren maila asko igo da eta Athletic ohituta zegoen postuetatik ateratzen joan da apurka-apurka. Aurreko urtean, taldearen historiako denboraldi txarrenean hiru hilabete eman zituen jokatu gabe lotailu gurutzatuan izandako arazo batzuengatik. Hamar partida besterik ez zituen jokatu eta azken denboraldia izan zitekeela uste izan zen.

Aurten jada sorte handiagoa izan du eta 20 partida jokatzera heldu da, azkenengoaren faltan. Otsailaren 9an, Eli Ibarrak zuen marka hautsi eta emakumezkoen taldearekin partida gehien jokatu duen jokalaria bihurtu zen. Partida gehienetan ordezkoa izan den arren, garrantzitsua izan da Iraia Iturregirentzako eta taldeak daukan seigarren postua lortzeko erabakigarria izan da. 

Agur berezia

Denboraldiko azken partida berezia izango da Lezaman. Hainbat jokalarik agur esango diote taldeari. Apirilean beste erreferente baten agurra iragarri zen. Vanessa Gimbertek, elitean 23 urte eman ostean eta Athletic-en azken bederatzi urteak jokatu ostean futbola uztea erabaki zuen. Gauza berdina erabaki zuen Sophie Istillartek duela bi aste. Hiru jokalariek omenaldia jasoko dute bere taldekide eta zaleengandik igande honetan 12:00etan Sevillaren kontra jokatuko den partidan.

Argitu gabe dago oraindik Lucía García eta Ainhoa Morazaren egoera. Apirilean Deia egunkariak ateratako informazioaren arabera bi jokalariak ez zuten kontratua berritzeko asmorik eta aurrelaria Manchester City-ra egingo zuen alde eta atzelaria Atletico Madrilera. Zazpi eta sei denboraldi daramate taldean hurrenez hurren eta badirudi igandekoa haien azken partida izan daitekela.