“Epaiketarik gabeko gune seguruak” sortuko ditu Bilboko Euskaraldiak

uriola.eus 2025ko mar. 11a, 14:58

Bilboko Euskaraldiko programa aurkeztu dute gaur, hilak 11, Bidebarrietako Liburutegian. Antolatzaileek aurten Bilboko kaleetara eramango dute Euskaraldiaren laugarren edizioa. Hiria euskaraz hitz gin ahal izateko toki seguru baten bihurtzea da ekimenaren helburua.

“Kontua ez da norberak zenbat dakien, egunerokoan zer egingo duen baizik”. Honela zehaztu du Alazne Astorgak, Bilboko Euskaraldiaren dinamizatzaileak. Izan ere, gakoa jokaeran dagoela argitu du, eta ez gaitasunean. Beraz, hori presente izanda, Euskaraldiko laugarren edizioko plana aurkeztu dute gaur, hilak 11. Prentsaurrekoan Bilboko Euskaraldiaren dinamizatzaileak diren Alazne Astorgak eta Uxue Sagarminagak, María José Arrieta Bilboko Udaleko Euskarako Zuzendariak eta Eneko Carrillo Berbaizu Euskara Elkarteko langileak parte hartu dute.

Laugarren edizio honek datak aldatu ditu eta maiatzaren 15etik 25era bitartean gauzatuko du ariketa masiboa hau. “Bizitzaren zati handi bat kalean egiten duen gizartea gara”, adierazi du Sagarminagak, eta horregatik udaberrian kaleak euskarazko elkarrizketak gauzatu nahi dituzten pertsonez bete nahi dituzte. Horrela, ahobizi eta belarriprest txapen erabilera eta ikusgarritasuna handituko dela gaineratu dio Astorgak. Astorgaren ustez, Euskaraldiak daukan “altxorrik politena epaiketarik gabeko gune seguruak” sortzen dituela da.

 

Ekitaldi nagusiak

Norbanakoen izen-ematea martxoaren 15ean irekiko duten arren, Bilboko Euskaraldiak proposatu du martxoaren 20an egitea. Horrela, Euskaraldiaren ikusgarritasuna eta presentzia handituko dutela adierazi du Sagarminagak: “Euskaraldiaren aurkezpen publikoa izango da, eta, hiriko zenbait sektoretako pertsona erreferenteek, Euskaraldiaren berri eman eta bilbotarrak parte hartzera gonbidatuko dituzte”.

Bigarren ekitaldia nagusia, hasiera ekitaldia izango da, maiatzaren 15ean. Helburua ariketaren abiatze jendetsu eta alaia egitea da. Udaberri dela aprobetxatuz, kalea hartuko ditu hasiera ekitaldiak, eta bertan, kultura-pilulak, partehartzaileen testigantzak eta txapa jartze bateratua egingo dute. Bestalde, aurten, ekitaldi zentrala ez ezik, kultura ekimen desberdinak ere izango dituzte.

 

Hiriaren parte: auzoak

“Bilbo ezin da ulertu bertan dauden auzoak kontuan izan gabe”, jarraitu du Astorgak, eta  horregatik, auzoetara ere hurbilduko dira.  Ariketa hasi aurretik, auzo desberdinetan hainbat info-mahai jarriko dituzte, besteak beste, Santutxun, Deustun, Bilbo Zaharrean, Abusun eta Indautxun.” Euskaraldia ahalik eta auzo gehienetara heltzea da helburu nagusiena”, gaineratu du.

Horretaz gain, Bilbok baditu urte osoan zehar euskara sustatzen eta bultzatzen dituzten taldeak eta elkarteak, eta horietako bat da  Eneko Carrillo, Berbaizu Euskara Elkarteko langilea. “Garrantzitsua ikusten dugu horrelako ekimen potente eta nazionalak gurera ekartzea”, azpimarratu du, Euskaraldia tresna modura ikusten dute gerora auzoetan hizkuntza-ohiturak mantentzeko. Euskaraldiaz aparte, urtean zehar egiten diren ekimen ezberdinei ere garrantzia zehaztu du “auzotarrek gurekiko gertutasuna” sentitzeko.

Bestalde, entitateen partehartzea ere sustatu nahi dute antolatzaileek, erreferentzia puntu ere badirelako. Horrekin batera, entitateen agerraldi publiko bat egingo dute apirilaren 3an. Entitate hauek sektore desberdinketakoak izango dira, eta helburua, eredua sortzea entitate gehiagok urrats bera egin dezaten da.