Asier Gonzalez: "Madrilen egin badute, zergatik Bilbon ez diote Yolandaren izena plaza bati jarriko"

uriola.eus 2014ko urr. 15a, 14:51

Aluche auzoan, Yolanda Gonzalez deustuarra ikasle zela bizi izan zen auzoan, parke bati jarriko diote Yolandaren izena. La Latinako Udal Batzordeak onartu zuen proposamenari Madrileko PPko Udal Gobernuak ez dio trabarik jarri. "Proposamenak Madrilen aurrera egin badu, Bilbon zergatik ez", adierazi du itxaropentsu Asier Gonzalezek -Yolandaren nebak- gaur Udal Erregistroaren atarian. 

Deustuko Erriberako plazatxoari Yolanda Gonzalezen izena ofizialki jartzeko eskaria egin dute gaur hainbat auzotarrek Bilboko Udal Erregistroan. Euskalduna Zubia auzo elkarteren proposamena da, Deustuibarrako eta Zorrotzaurreko norbanakoen eta elkarteen babes zabala jaso duena. Izan ere, 450 bizilagunetatik 333ren atxikimendua jaso du eskariak. "Sinbolikoki bada ere, gehiegi sufritu duen familia honekiko gutxieneko irain-kitatze modura, Yolandaren memoriaren alde edo haren orotzaipenetan", luzatu diote proposamena Bilboko Udalari.

Madaleno bezala ezagutzen den eraikinaren ondoan dagoen plazatxoak egun ez du izenik. Bertatik gertu dago Yolandaren jaiotetxea, Deustuibarra 68an, hain zuzen ere. 1980ko otsailaren 1ean Madrilen hil zuten Yolanda, ikasle zela, 19 urte zituela. Batallón Vasco Españolek erail zuen bi tiroz ETAkidea zelakoan. Yolanda ez zen ETAkidea, PST alderdiko militante gaztea zen. Hilketa harengatik Emilio Hellin ultraeskuindarrari 43 urteko espetxe zigorra ezarri zioten arren, 14 baino ez zituen kartzelan igaro. 

Eskaria Bilboko alkatetzak aztertuko du. Alkatetzari eta, azken unean, Areso alkateari dagokio proposamena onartzea edo baztertzea. Bilbon Alkatetzak du soilik kale izendegiari dagozkion erabakiak hartzeko eskumena. Izen gabeko plazatxoa izaki, eta aldaketak "atari bakarrari eragingo diolarik", baikor dira bai Asier bai Deustuibarra eta Zorrotzaurreko auzotarrak. Madrilen, PPren gobernuak, Yolandaren izena parke bati emango badio, "zergatik ez da proposamena aurrera aterako Bilbon", esan du gaur Asier Gonzalezek eskaria Udal Erregistroan aurkeztu baino lehe . 

Udalaren "baiezko" erantzuna "lehenbailehen" espero dute. "Ahal dela", 2015eko otsailaren 1a baino lehen. Egun horixe da, Yolandaren "zorigaiztoko heriotzaren" 35. urteurrena, eta auzotarrek "haren izena duen plazatxoan bertan" egitea nahi dute urteurreneko "oroitzapen-ekitaldi xumea". 

 

[2014/10/13] Deustuibarrako plazatxoari Yolanda Gonzalezen izena emateko eskaria egingo diote auzotarrek Udalari

[2013/07/04] Hellini buruz egindako ikerketak "etsita" utzi du Yolanda Gonzalezen sendia

[2013/07/03] Barne ministroaren azalpenen zain Yolanda Gonzalezen hurbilekoak

[2013/06/25] Yolanda Gonzalezen hilketaren inguruko zigorgabetasuna salatuko dute gaur Deustun

[2013/06/24] Yolanda Gonzalezen hilketaren inguruko zigorgabetasuna salatuko dute asteartean Deustun

[2013/06/18] Yolanda Gonzalezen hilketaren inguruko zigorgabetasuna salatuko dute Deustun

[2013/06/14] Gasteizko legebiltzarrak Yolanda Gonzalezen sendia babestu du

[2013/04/15] Yolanda Gonzalez gogoratu dute Madrileko Puerta del Solen

[2013/03/07] Yolandaren omenezko horma-irudia margotzeko deia larunbaterako

[2013/03/06] "Yolanda gogoan", gutun irekia Bilboko alkateari

[2013/03/04] Yolanda Gonzalezen omenezko muralaren ezabaketa memoriarekiko begirune eza dela salatu du Bilduk

[2013/02/28] Hellinekin harremanak eteteko eskatu diote Barne Ministroari Yolanda Gonzalezen gertukoek

[2013/02/27] Zalaparta handia komunikabideetan Yolanda Gonzalezen hiltzailearen harira

[2013/02/25] Yolanda Gonzalezen hiltzailea, Guardia Zibilaren eta Ertzaintzaren aholkulari

[2013/02/03] Yolanda Gonzalez gogoratu dute Deustuko Erriberan, haren erailketaren 33. urteurrenean

[2013/01/30] Yolanda Gonzalezen omenezko ekitaldia ostiralean Erriberan