Ikur naziek eta Josue Estebanezen askatasuna exijitzeko pintadek bete dute Deustu

uriola.eus 2014ko abe. 10a, 10:11

Bart margoketa faxistak agertu dira Deustuko hainbat lekutan, besteak beste, esbastika naziak eta Josue Estebanezen askatasuna galdegiten duten mezuak. Estebanez izan zen 2007ko azaroan, Madrilen, Carlos Javier Palomino antifaxista erail zuen gizona. Egun 26 urteko kartzela zigorra betetzen ari da.

Deustu pintada faxistaz beteta esnatu da gaur goizean. Herriko tabernaren aurrealdean, Gazte Lokalean, Blusvy taberna zenaren sarreran eta beste hainbat lokaletako pertsianetan ikusi ahal izan dira margoketak. Esbastikak eta Josue Estebanezen askatasuna exijitzen duten margoketak dira auzoan agertu direnak.

Estebanez espetxean dago 2007ko azaroaren 11an, Madrilen, Carlos Javier Palomino gaztea hiltzea egotzita. Egun hartan, inmigrazioaren kontrako manifestazioa antolatu zuen Democracia Nacional alderdi ultraeskuindarrak. Beste alde batetik, eragile antifaxista eta ezkertiarrek, bigarren deialdi bat deitu zuten leku berean, Democracia Nacionalen hitzorduaren aurka egiteko. Legazpi geltokiko kamerek, jaso zutenez, manifestaldira zihoan talde antifaxista bat trenera sartu zen eta bertan, Estebanez omen zegoen. Poltsikotik 25 zentimetroko labana atera eta mehatxu egin zien trenean zeuden gainontzeko pertsonen aurrean. Taldea beragandik urrundu bazen ere, Carlos Javier Palominok labankada jaso zuen ezker aldean eta bihotzari eragin zion. Gutxira hil zen.

Eraso faxistak Bilbon

Azken aldian, oso maiz agertu dira pintada faxistak Bilboko hainbat auzotan. Deustun ere beste hainbat egon dira. Besteak beste, urriaren 31an, Enekuriko etorbidearen gaineko zubietako batean "Camaradas Giorgos y Manos presentes" zioen pankarta agertu zen. George Fountouli eta Manolis Kapeloni Greziako Amanecer Dorado talde ultraeskuindarreko kideei egiten zien erreferentzia. Bi greziar gazteak 2013ko azaroaren 1ean hil zituzten motorrean zihoazen bi lagunek. Hain justu, pankarta ezarri zen egun berean, baina urtebete lehenago.

Sare Antifaxistak pankarta zegoen lekutik kendu eta bere existentzia salatu zuen Internet bidez. Bi egunera, azaroaren 1ean, Deustun bertan, hainbat lagun elkartu ziren "Naziak kanpora" lelopean eginiko ekimenean. Faxismoaren aurka, tresnarik onenak, "batasuna, konpromisoa eta militantzia" direla aipatu zuten Sare Antifaxistako kideek.

[2014/09/30] Margoketa nazi-faxistak egin dituzte Basurtun

[2014/06/18] Elkarretaratzea deitu dute eraso faxista jasan zuen gaztea babesteko

[2014/06/17] Zurbaranbarrin eraso faxista jasan zuen gazteak salaketa jarri du

[2014/03/18] Faxismoaren eta arrazakeriaren aurkako aldarria kalera aterako dute larunbatean

[2014/03/11] Faxismo eta arrazakeriaren aurkako eguna, manifestazioa

[2014/03/11] Faxismoari aurre egiteko plataforma berria jarri dute martxan

[2014/11/03] Jarrera eta adierazpen nazi-faxistak salatu dituzte