#EuskararenEguna

Bizipenak trukatzeko hitzordua dute Ahobiziek eta Belarriprestek

prestaldizkaria 2017ko aza. 30a, 09:33

11eguneuskaraz.blogariak.net

Astebete daramate Deustualdean 11 Egun Euskaraz ekimenean murgilduta 1.000 bat partaidek. Gaur, lehen balorazioa egin eta bizipenak trukatzeko Ahobiziak eta Belarriprestak Bidarte udaltegian eta Errondoko auzo etxean elkatuko dira 19:30ean. Igandean, abenduaren 3an, egun osoko egitaraua prestatu dute ekimenari amaiera borobila emateko. 

Izen-ematea etengabea izan da. Deustualdeko 11 Egun Euskaraz ekimenak 1.000 laguneko langa eta aurreikuspenak gainditu ditu. Antolakuntzan dabilen talde motorra oso pozik dago izan duen erantzunarekin, eta lehen balorazioa ezin baikorragoa da.

Mila bat partaideen artean daude hamaika egunez nork bere harreman sarean euskara erabiltzeko konpromisoa hartu duten Ahobiziak eta Belarriprestak. Astea eman dute txapa urdin bereizgarria soinean dutela. Horietako batzuk lekukotza utzi dute Deustualdeko 11 Egun Euskaraz ekimenak zabalik duen blogean. Denetik aurki daiteke bertan, bizipen baikorrak eta ezkorrak. Egunerokotasunean euskara erabiltzeko dauden erraztasun eta oztopoen adierazgarri. 

Gaur Bidarte Udaltegian eta Errondoko auzo etxean egitekoak diren topaketek helburu bera dute, bizipenak konpartitzea. 19:30ean Ahobiziek eta Belarriprestek talde dinamika batean parte hartuko dute 11 Egun Euskaraz ekimenaren lehen asteko balorazio kolektiboa egiteko, banakako balorazioak batuz. 

 

Txapa han-hemenka

Deustualdeko 11 Egun Euskaraz-eko partaideek txapa soinean, agerian daramate. Kutxabanken, Deustuko Unibertsitatean, Hizkuntza Eskolan, Botikazar eta Ibarrekolanda institutuetan, tabernetan, dendetan... ikus daiteke jendea Ahobizi eta Belarriprest txapekin. Besteak beste, deustuarrak izaki, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Berri Txarrak taldeko David Gonzalezek ere txapa jantzi dute. 

 

Amaiera jaia

Azaroaren 23an hasi zen ekimenak, hamaika egunen ostean, abenduaren 3an izango du amaiera, igandean, Euskararen Egunean, hain zuzen ere. Amaiera borobila emateko, talde motorrak egun osoko egitaraua prestatu du. Eguerditik aurrera umeentzako jarduerak izango dira Done Petri plazan, jolasak eta yoga saioa. 13:30etik aurrera poteo musikatuan ibiliko dira Ahobizi eta Belarriprestak La Logia tabernatik abiatuta. 15:00etan geratuko dira bazkaltzeko (bazkarirako tiketak Berbaizu euskara elkartearen egoitzan eskura daitezke), eta ondoren Baffeti taldeak eta Kantugintza taldeak kontzertu bana eskainiko dute.

Euria eginez gero, Done Petri plazako jarduerak Gazte Lokalean egingo dituzte.

11eguneuskaraz.blogariak.net

[2017-11-23] Gogoa, ilusioa eta aktibazioa

[2017-11-21] Deustualdean, ostegunetik aurrera, '11 Egun Euskaraz'

[2017-11-07] Ahaldundu eta aktibatu, euskal komunitatearen erronka

[2017-10-30] Jon Intxaurraga: 11 egun elegante!

[2017-09-20] Erronka: hamaika egunez ahobizi eta belarriprest

[2017-09-19] Deustualdeko euskaldunek hamaika egunez euskaraz bizitzeko konpromisoa hartuko dute