50 lagun, tartean zortzi deustuar, epaituko dituzte auzitegian desordena egitea leporatuta

prestaldizkaria 2018ko urt. 9a, 07:05

Epaituko dituzten zortzi deustuarrak

Epaituak ziren bitartean protesta ekintza bat burutu zuten zortzi euskal herritarrek Auzitegi Nazionalean. Aretoan zeuden hainbat lagunek bat egin zuten ekimenarekin. Epaitegian desordena egiteagatik, guztira, 50 pertsona auzipetuko dituzte gaurtik aurrera Alcala de Henaresen (Madril). 47 euskal herritar eta hiru madrildar dira.

2013an Ernai gazte erakundeak lehen Gazte Danbada Urduñan antolatu zuen egunetan hil zen Xabier Lopez Peña Thierry ETAko kidea Corbeil-Essonnesko erietxean (Frantzia), preso. Danbadako ekitaldiaren sarreran, "elkartasun keinu" gisa, Thierry-ren heriotza aipatu eta haren familiari agurra bidali zioten hitza hartu zuten lagunek. 

Poliziaren presentzia oso handia izan zen Urduñan Gazte Danbadak iraun bitartean. Egun gutxira jakin zuten bederatzi lagunek Auzitegi Nazionalak terrorismoari gorazarre egitea leporatzen ziela, AVT elkartearen salaketa onartu ostean. Auzipetuen artean zeuden ekitaldiaren antolaketarako baimenak eskatutakoak, azpiegituraren arduradunak, hitza hartu zuten lagunak, tartean Irati Sienra deustuarra, Topatu.eus atariko kide bat eta ekitaldian parte hartu zuen Periko Solabarria militante historikoa. 

2015eko maiatzean eta ekainean epaitu zituzten, hiru saiotan. Lehen egunean zortzi auzipetuek –Periko Solabarria osasun arazoengatik ez zen bertaratu–, “ekimentxo bat” burutu zuten. Irati Sienraren esanetan, “egun batzuk lehenago Segi erakundearen aurkako sarekadako ebazpena publiko egin eta hainbat kide kartzelaratu zituztelako”. Aulkitik altxatu, elkarri besotik heldu, eta atxilotuen aurpegiak zeuzkaten kamisetak bistaratu ziuzten zortzi auzipetuek, "Euskal gazteria aurrera" oihu artean, epaimahaiari bizkarra emanez. Izan ere, bai eurak bai Segiko kideak epaitu zituen epailea bera zen, Angela Murillo. 

Zortziak absolbitu zituzten.  

AVTk eta Fiskaltzak epaitegian desordena egiteagatik salaketa iragarri zuten. Esan eta egin. Alcala de Henareseko auzitegian epaituko baitituzte gaur hasita (urtarrilak 9, 10, 11, 12 eta 15ean) protesta ekimena burutu zuten zortziak ez ezik aretoan zeuden eta protestarekin bat egin zuten pertsonak. Guztira, 50 herritar. Besteak beste, Euskal Herritik joandako senide eta lagunak, 47 bat, eta Madriletik elkartasuna adieraztera joandako hiru herritar. Auzipetuen artean bereizketarik egin gabe, guztiei bosna hilabeteko kartzela zigorra eskatzen diete. Ikusteko dago fiskalak isun ekonomikorik eskatuko dien. "Azken unera arte" ez dute jakingo. 

Defentsako abokatuen arabera, “astakeria da” epaiketa bera eta, batik bat, aretoko publikoan zeuden lagunei egindako zigor eskaera. Desorden larriak leporatzen dizkietelako “bi segundoko tontakeria bategatik”. Epailearen esku dago erabakia. Baliteke kasua artxibatzea edo gogotsu hartzea Auzitegi Nazionaletik datorren kasua izaki.

Aurreikusitako bost egunetan beharrean, bi egunetan epaiketa buka daitekeela pentsatzen dute defentsako abokatuek.

 

[2015eko argazkiak]

 

Zortzi deustuar

50 lagunetik zortzi dira deustuarrak. “Ezinegona” dute. Lanik egin ezinik, astebete emango dutelako Madrilen, eta “denbora eta dirua delako”. Ezinegonarekin batera, “amorrua” ere sentitzen dute, “tontakeria bategatik” epaituko dituztela pentsatzen baitute. Gainera, badakite joan-etorriak zama eta ordain psikologikoa nahitanahiez utziko diela. “Epaitegietan dena luzatzen da, piloa, zerbait ixten dela dirudienean, beste zerbait zabaltzen da”, dio Irati Sienrak. 

Ebazpena ezagutzean, eta abokatuen gastuez gain isuna ordaindu behar duten edo ez argitzean, erabakiko dute auzipetuek aurrerago zer egin. Behin-behinean, urtarrilaren 20an Herriko tabernan elkartasun bazkaria antolatzea erabaki dute. Deustuko inauterietan eta jaietan ere zeozer egitekoak dira eta, baliteke, otsailean edo martxoan Zazpi Katu gaztetxean kontzeturen bat antolatzea.

 

[2015-06-11] Gaur epaituko dituzte Irati Sienra deustuarra eta beste zazpi gazteak

[2014/12/18] Kartzela zigor eskaria Topatuko kide bat, Ernaiko zazpi eta Periko Solabarriarentzat

[2015/03/11] Irati Sienra eta beste zortzi lagun maiatzean epaituko dituzte Gazte Danbadan terrorismoa goratzea leporatuta

[2015/05/28] Gaur epaituko dituzte Irati Sienra, Iraitz Salegi eta Ernaiko beste 6 kide

[2015/05/28] Ekainaren 11ra atzeratu dute Irati Sienra eta beste 7 gazteen aurkako epaiketa