Deustu, bertso plaza beroa

prestaldizkaria 2018ko mar. 23a, 12:03

Hotz egin arren, ia beti, jendetsua eta arrakastatsua izan ohi da Deustuko jaietako bertso saioa. Atzokoa ez zen salbuespena izan. 

Deustuko jaietan izan den egun eguzkitsu bakarra atzokoa izan zen, eta hori aprobetxatu beharra zegoen. Horrez gain, aurtengo kartela bertsozale guztientzat benetan erakargarria zen. Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapelduna den Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluze txapeldunordea Deustura etorri ziren, eta beraiekin batera, Unai Iturriaga, Oihana Bartra eta Enare Muniategi.

Enare Muniategi Deustuko bertsolari gazteak azken momentuko gonbidapena jaso zuen. Nahiz eta urduri egon, ederto aritu zen goi maila bertsolarien artean. Sei bertsolarik hartu zuten parte Done Petriko eszenatokian, baina, Estiballesi gai-jartzaile lanetan aritu zen.

Izan ere, Estiballes bera izan ohi da ekitaldiaren arduradunetako bat eta, bere hitzetan, azken urteetan "finkatu dugun saioa da", besteak beste, "mimo handiz" prestatzen delako. Atzokoarekin, hirugarren aldiz Deustuko jaietan kantatu duen Maialen Lujanbio iritzi berekoa da, Deustuko plaza "beroa" dela dio: "Bertsozale gazteak egoten dira hemen eta entzule beroak eta esker onekoak izaten dira, beraz, guretzat publiko ederra da".

Oihana Bartra Santutxuko bertsolariak aurten ere Deustuko eszenatokia zapaldu du. Aurreko batean gustura kantatu zuen "plaza eder honetan giro oso berezia sortzen dekako". Beraz, "ingrediente guztiak" bildu zituzten saio polit bat osatzeko.

Saioa bertsozaleen gustukoa izan zen, eta Unai Iturriagak bere agurrean esan zuen bezala, bertsolariek lan ona burutu zuten eta zaleek ez zuten tomateak botatzeko arrazioirik eduki.

Bigarren asteburua

Ume eta gazteek izango dute protagonismoa bigarren asteburuan. Besteak beste, suzko zezena, playbacka eta kuadrillen olinpiadak prestatu dituzte eurentzat. 

Tomate eta tortilla txapelketa gastronomiak izango dira martxoaren  24an eta 25ean, hurrenez hurren. 

Larunbatean, azpimarratzekoa da Front Off bertako taldeen musika jaialdia eta igandean, azken egunean, Botikazarreko txosnak itxi eta Done Petrin tomatea erre ostean Jai Batzordearen txosnaren inguruan sortzen den giro herrikoia. Azken txinpartak erretzen luzatu ohi dira deustuarrak.  

 

 

[2018-03-22] Euriak zapuztu ezin duen jai gogoa

[2018-03-19] Giro ederra eta jendetza Deustuko jaien hasieran

[2018-03-16] Deustuko jaiak bero-bero

[2018-03-14] Pregoiaren ardura

[2018-03-12] Hamaika aukera Deustuko jaietan

[2018-03-07] Sorpresa!

[2018-03-05] Hamaika egun falta dira jaiei hasiera emateko