Hasteko, Zazpi Kaleak txiki geratu ziren hedatzen ari zen hiribilduarentzat. Hori dela eta, 1483.ean Isabel erreginak baimena eman zuen harresitik kanpo zabaltzeko. Kale berriak sortu ziren: Bidebarrieta, Erreal (gaurko Gurutze kalea) eta Dorre kalea. Errondako kaleak ere garatu ziren, hau da, gaurko Erronda, Espainako Bankua, Loteria, Txakur eta Pilota kaleak.
1497. urtetik aurrera itsadarraren bidaratze lanak gauzatu ziren, Bilboko merkataritza bultzatuz. Hori dela eta, bere boterea indartu zen, eta 1511.ean Bilboko Kontsulatua sortu zuten. Bere betebeharrak hauek izan ziren: itsas-merkataritza erregulatzea eta itsasadarra eta portuko obrak bultzatzea. Horreterako eskumen bereziak eta zerga-abantailak zituen. Gaztelako artilea esportatzen zen bitartean, Nanteseko eta Brujaseko ehunak inportatzen ziren. Gure herriaren garrantzia ulertzeko, 1489.ean Brujasen ireki izan zen Bizkaiko Kontratazio Etxea erakusgarritzat har daiteke.
Beste eraikin publikoak eta erlijiosoak sortu ziren. Batetik, XV. mendearen amaieran Joan Santuen ospitaleak, Bilbok izan zuen lehenengoa, pelegrinak eta eskaleak zaintzen zituzten bertan. Dorre hau Ibeni (Atxuri) errebalean kokatuta zegoen, gaur San Anton eliza atzean dagoen Emilio Campuzano ikastetxean. Handik gutxira, bere ondoan eliza egin zen. Beste dorre publikoa gartzela izan zen eta Zamudioko portalean zegoen. Bestetik, Bilboko lehen udaletxea San Anton alboan eraiki zuten. Zenbait alditan uholdeengatik hondatua izan zen. 1560.ean egindako eraikinak plaza Nagusira (Erriberako merkatua) begiratzen zuen arkupea omen zuen. Arkupe honek eta Barrenkaleko atariak Erriberako plaza ixten zuten.
Mende honetan ere komentu asko fundatu ziren. Izan ere, 1501.ean Frantziskotarrak Bilbo Zaharrean ezarri ziren eta Euskal Herriko elizarik handiena eraikitzen hasi ziren. Haren eraikuntzan Bilboko familia nagusiek parte hartu omen zuten, esate baterako, Arbolantxak kapela nagusia ordaindu zuen. Fraideen boterea hain zen handia, ezen zubi bat egiteko Gaztelatik baimena lortu zutela. Hala ere, zailtasun teknikoak zirela eta, ezin izan zuten eraikina bukatu.
Beste komunitate erlijiosoek ere Bilbon aurkitu zuten bere lekua. Beste komentu famatu bat San Agustinekoa izan zen. Gaurko udaletxearen solairuan kokatuta zegoen. Hemen, goi-mailako ikasketak eskaini zituzten. Oraindik existitzen den moja-etxea Gizakundearena da. Gaur egun, Elizbarrutiko Arte Sakratuko Museoaren egoitza da. Gaur arte eutsi ezin izan duten beste kausak hauek dira: Santa Monika, San Nikolaseko metroaren irteeran; Kontzepzioa Konkordia, geltokiaren aurrean; edo Gurutzekoa, Unamuno plazan.
Eraiki berriak ez ezik, aurreko mendean eraikitako elizak zabald egin zituzten. Alde batetik, Done Jakue elizan elizpea, klaustroa eta sakristia egin ziren. Beste aldetik, San Antoneko elizan portada eta kapelak sortu ziren. Azken honetan, Guiot de Beugrant franko-flandiarraren eskulturarekin goza dezakegu, Belgikarekin merkataritza harremanen ondorioren adibidea.
Ikusten dugunez, XVI. mendeko lehenengo erdiak urte onenetarikoak ekarri zituen Bilborentzat. Itsasadarraren lanek merkataritza hobetu zuten eta hauekin batera aberastasuna ekarri zuten, ekonomikoki zein kulturalki. Hauek, hiribilduaren zabalkuntzara bultzatu zuten. Hiria gero eta modernoagoa bilakatzen joan zen.
[2018-01-08] Arkitektura gotikoa Bilbon
[2017-11-24] Bilbo XV. mendean
[2017-10-23] Bilbo XIV. mendean