Atzera begiratzeko beharra

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Lizarralde 2015ko aza. 10a, 12:31

Memoriaren Eguna hurbiltzen dela, alderdi politikoen desadostasun eta talkek hartu ohi dute arreta. Ezaguna zaigu dialektika denoi: biktimen aitortza eta indarkerien analisia nahastuta etortzen zaizkigu, eta liskarrek eguna desitxuratzen duten sentsazioa geratzen zaigu neurri batean. 

Garrantzitsua deritzot zera onartzea: egun hau, ziur aski, beti izango da inperfektua. Liskarrak, talkak eta banaketak egongo dira, memoria lantzeko orduan lehentasunak zeintzuk diren adosten ez ditugun heinean. Horrek ez du egun honen beharra edo helburua desitxuratzen.

Nire ustez, egun honen funtsa giza eskubideen urraketak jasan dituzten pertsonak gogora ekartzea da, urraketon eragileak, une txiki batez bederen, bigarren mailara eramanez. Jada gurekin ez dauden horiena da eguna, ezagunak izan ala ez, gure ideologiakoak izan ala ez, haien oroitzapena gogora ekartzean barruan sortzen zaigun korapiloari bere espazioa eman eta oxigenoz betetzeko. Besterik ez. Gaur ez da analisi, berrikuspen kritiko, kontzeptuen jira-bira, diskurtso politikoen eguna. Ez da mundua eroriko, ez zaizkigu baloreak ahaztuko, bihar ere hor egongo baitira gure zain dialektika guztiak.

Sinplea da, eta denon esku dago: ekitaldi edo omenaldi publiko batera hurbildu edo zure etxeko intimitatean egin, hartu une bat eta ekarri gogora indarkeriak hildako horiek. Pentsatu euren bizitzan, heriotzean, utzitako hutsunean. Adierazi sorrarazten dizuna, konpartitu norbaitekin, isilik geratu, loreak eraman nonbaitera. Bihotzetik igaro oroitzapena, biharko diskurtso eta ekintzek behar dute eta. 

 

[2015-11-10] Oroimenaren Egunean omenaldia, kritika eta elkarretaratzea

[2015-11-10] Memoria oso eta barneratzaile baten alde

[2015-11-09] EH Bilduk memoria barneratzaile eta oso baten alde egiten du eta Bilboko Memoriaren Maparen hutsuneak zuzentzeko eskatu dio Aburtori

[2015-09-04] Biktimak eta memoria babesteko kontsentsu esparrua sortuko du Aburtok gainerako alderdiekin

[2015-09-04] Indarkeriaren biktimak eta dispertsioaren biktimak oroituko dituzte

[2015-01-23] Indarkeriak hildako 95 pertsonen 'Memoriaren erretratuak' Bilboko Udalaren esku daude

[2014-11-11] Oroimenaren Egun bateratua