Une honetan, ziurtzat jotzen da Gonzalezen inkomunikazioa. Sortuko kide Maribi Ugarteburuk adierazi duenez "harrigarria eta oso larria da 2014an inkomunikatutako atxiloketa baten aurrean egotea. Guardia Zibilaren eskutan inkomunikatuta egoteagatik Asier Gonzalen egoerak arduratzen gaitu". Bake prozesua sendotzeko ahaleginean, "ulertezina eta onartezina da eraso berri hau" Ugartebururen iritziz. Ildo horretan, Espainiako barne ministroari urgentziazko eskutitza bidali dio Amaiur koalizioak Asier Gonzalezi inkomunikazio egoera kendu diezaiotela eskatuz.
Goizaldeko 02:00ak zirenean hasi da operazioa Asier Gonzalez Soreasuren etxean, Zabalbide kalean. Guardia Zibilak orduan atxilotu du eta bere etxea lau orduz miatu ostean, material ugari atera du aztertzeko. Gonzalezen garajea ere miatu du, eta garabi batek bere autoa eraman du. Ondoren, Iturriaga kalera zuzendu dira Guardia Zibilak Asier Gonzalez atxilotuarekin, Santutxuko Herriko tabernara hain zuzen.
Kalearen bestaldean, aurreko espaloian, 50 bat auzotar elkartu dira. "Asier askatu" eta "Alde hemendik, utzi bakean" oihukatu diete Iturriaga kalea itxita eduki duten Guardia Zibileei. Hiru txakurrekin eta metraileta eskuan dutela aritu dira Guardia Zibil agenteak Herriko tabernaren perimetroa babesten.
Asier Gonzalez atxilotuak behar dituen botikak eman asmoz hurbildu da bere anaia Aitor 9:30ean Herriko parera, baina Ertzainek ez diote pasatzen utzi.
Eguerdi aldera agertu dira istiluen kontrako Ertzaintzako agenteak, eta Herriko tabernaren inguruan ezarritako polizia-kordoiaren lehen lerroa zaintzeari ekin diote.
Miaketa hasi eta bost ordura hasi da Guardia Zibila kutxak ateratzen. Lekukoen arabera hiruzpalau atera dituzte Herriko tabernatik. 12:30ak aldera, atera dute Asier Gonzalez eskuak kateatuta bertaratutako auzotarren txalo eta animo oihuen artean.
Herriko tabernako kideak barrura sartu direnean armairu eta hozkailuak zabalik aurkitu dituzte eta diru kutxak hutsik.
ETA laguntzea
2007 eta 2008 artean ETAren Bizkaia taldeari laguntzea egotzita atzeman du Guardia Zibilak Gonzalez Soreasu. Espainiako Barne Ministerioaren arabera, Errioxan pen-drive bat topatu izanaren ondotik atxilotu dute. Taldea 2008ko uztailaren 22an desegin zuten, Arkaitz Goikoetxea atxilotu eta gero.
Gobernuaren esanetan, Santutxuko Segiko kide izateagatik "ezaguna" da. Zabalik jarraitzen du operazioak, eta ministerioak ez du baztertu lagun gehiago atxilotzea.
Asier Gonzalez Santutxuko Jai Batzordeko kide da eta ez da baztertzen Guardia Zibilak jai batzordeak erabiltzen duen Santutxuko Familia Elkartearen egoitza miatzea. Egoitza Iturriaga kalean bertan dago, 100 metro ingurura eta auzoko eragile askok darabilte, besteak beste, BERTON aldizkariak.
Harridura eta gaitzespena
Santutxuarrek harridura agertu dute Asier Gonzalezen atxiloketaren berri izan dutenean. Esaterako, Iker Martinez de Lagosek bere Twitter kontuan zioen "Asier atxilotu dute, Segiko kide "ezaguna"? Guretzat Asier jai batzordekoa, euskaltzalea, kulturgile, dultzainaria da" eta Urtzi Urrutikoetxeak "Asier auzoan nahi dugu. Asier Santutxun behar dugu".
Santutxuko Familia Elkarteko presidente Jabi Perezek ez du ulertzen "auzo erdia nola moztu duen Guardia Zibilak". Santutxun gaur gertatutakoa "kolpe mediatikotzat" jo du Perezek: "Martxoak 11 delako edota Herrikoen kontrako epaiketaren amaiera delako, 40 bat komunikabide etorri dira auzora. Ulertezina da 2008ko pen-drive batean orain aurkitu duten informazioagatik Asier atxilotzea. Auzoan kultur, kirol eta jai esparruan oso parte-hartzailea den pertsonaren atxiloketa onartezina da".
Prentsaurrea eta manifestazioa
Santutxuko Familia Elkartearen ekimenez prentsaurrea deitu dute auzoko eragileek Asier Gonzalezen atxiloketa gaitzesteko, Karmelo plazan 16:00etan. Deitzaileekin bat egin dute jada, besteak beste, Santutxu Mendi Taldeak, Santutxuko Txistulariak, Jai Batzordeak, Gaztedi Dantzari Taldeak, Euskeria abesbatzak, Santutxuko Bertso-Eskolak, Matsondoak jubilatu elkarteak, Santutxuko Etxeratek eta BERTON aldizkariak.
20:00etan, berriz, manifestazioa deitu dute Asier Gonzalezen atxiloketa salatzeko. Egunkaria plazatik abiatuko da martxa. #AsierAskatu #AskiDa!