Astearte arratsaldeko 20:00etan, jende andana batu zen Egunkaria plazan Asier Gonzalezen atxiloketa errefusatzeko. Manifestazioak Santutxuko kaleak inguratu zituen eta Karmelo kaleko “La Zonan” bukatu zen. Bertan, Oihana Bartrak Asierren lagun, senide eta auzoko eragileen izenean hitza hartu zuen.
Asierrek Santutxun burututako auzolana goratu eta atzoko atxiloketa eta Herriko Tabernaren ondorengo miaketa, “Euskal Herriak bizi duen egoera politiko berriaren aurkako eraso zuzenak” izan zirela salatu zuen. Gauzak horrela, manifestazioan parte hartu zuten lagunei “eraso horien aurrean erantzun zabala zein tinkoa” emateko deia luzatu zien. Beraz, gaur, arratsaldeko 19:30ean, Santutxuko Herriko Tabernan Asierren lagun eta senideek deitutako elkarretaratzean parte hartzera gonbidatu zituen eta ostiralean, 20:00etan, Karmelo plazatik abiatuko den martxan ere. Ostiralean musika tresnak eramateko prest agertu dira Asierren lagun batzuk, hala nola, dultzainero, trikitilari, albokari, txalapartari eta atabalero batzuk. Gonbidapena irekia da bertaratzeko asmoa duen ororentzat.
Bestalde, Asierren inguruko informazio gehiago zabaldu zuten. Atzo arratsaldean Madrilerako bidean zegoen eta inkomunikazioa altxa ziotela jakinarazi zuten. Gaur, goizeko 11:00etan, Jone Goirizelaia abokatuarekin elkartzeko aukera izan du. Goirizelaiak jakinarazi duenez, tratu zuzena jaso du atxiloaldian eta bihar, osteguna, deklaratuko du.