Santutxuarrek Asier Gonzalezen egoeraren inguruko kezka adierazi dute

uriola.eus 2014ko mar. 11a, 17:45
Eragile sozial, sindikal eta politikoetako ordezkariek, Asier Gonzalezen gertuko lagunekin batera agerraldia eskeini dute Karmelo plazan santutxuarraren atxiloketa salatzeko eta bere senitartekoei babesa helarazteko.

Bertan, Patxi Zuluaga Santutxuko Jai Batzordeko ordezkariak eta Lorea Bilbao TATeko abokatuak hartu dute hitza. Azaldu dutenez, Asier auzoko bizitza kultural eta sozialeko “kide ezaguna” da eta atxiloketa errefusatzeaz gain, berari eta gertuko lagun eta senideei elkartasuna luzatu diete.

Santutxuko gaztearen egoeraren inguruan “kezkaturik” daudela mahaigaineratu dute, Guardia Zibilak atxilotu eta inkomunikatu baitu. “Haien eskuetan jasan dezakeen tratuak kezkatzen” ditu. “2014ean tortura erauzi gabeko gaitza baita”.

Egoera honen aurrean, Euskal Herrian martxan dagoen konponbide prozesuari “erasorik ez egiteko deia” luzatu dute, gaurkoa bezalako atxiloketak “onartezinak baitira gehiengo zabala konponbidearen, bakearen eta giza eskubideen alde baitago”.

Datozen deialdiak

Agerraldian jakinarazi dute gaur, arratsaldeko 20:00etan, manifestazioa abiatuko dela Egunkaria plazatik "Asier askatu! konponbideari erasorik ez!" lelopean. Bestalde, ostiralean bigarren martxa bat egingo dute Karmelo plazatik ordu berean.