"Helburu argia du gaurkoak, preso independentistak defentsa juridiko gabe uztea"

uriola.eus 2015ko urt. 12a, 18:36

Bizkaiko Abokatu Bazkunan prentsa agerraldia eskaini dute 60 bat euskal legelarik Guardia Zibilaren 'Mate' operazioa errefusatzeko. Joan den ekainean abokatu atxilotuek Auzitegi Nazionalean deklaratzeko borondatea azaldu zutela eta, "esperpentotzat" jo dute gaurko sarekada. "Deklaratzera deitu ordez, atxilotuak izan dira". Olatz Talavera abokatuaren hitzetan, "jazarpen ideologiko eta juridiko baten aurrean gaude".

Legelarien arabera abokatuen aurkako gaurko atxiloketek helburu argia dute: "Preso independentistak defentsa eta babes juridiko gabe uztea". 17:00etan Bizkaiko Abokatu Bazkunaren egoitzan batzartutako 60 legelarik adierazi dutenez, "bat bera ez da geratuko babes juridiko gabe".

Olatz Talavera, abokatuak, gainerako lankideen izenean hitz egin du. Talaverak adierazi du gaurko atxiloketak duela hilabete batzuk aurreikusi eta salatu zituztela. Bai abokatu talde batek bai Bizkaiko Abokatu Bazkunak berak. Horregatik, "ez da kasualitatea izan" gaurkoa. Ekainean prest agertu ziren atxilotutako abokatuak Auzitegi Nazionalean deklaratzeko. Baina ez zituzten deitu, eta Iker Urbina abokatuak esan duenez, urtarrilaren 12an "deituak izan ordez, atxilotuak izan dira". Horregatik jo du Urbinak "esperpentotzat" operazioa.

Miatze-agindua irakurtzeko aukera izan dute abokatuek. Aginduak dioenez, 'Mate' Herriraren aurkako operazioaren "jarraipena" da. Operazio "mediatikoa", legelariek gaineratu dutenez, bere testuinguru politikoan aztertu beharrekoa. "Presoen kolektiboak bide juridikoa erabiliz Euskal Herriratzeko eskabidea egin du, joan den larunbateko manifestaziok Bilboko kaleak bete zituen eta bihar Auzitegi Gorenak bilera du Frantziako zigorrek Espainian balioa izango duten edo ez erabakitzeko".

 

 

"Korrupzioaren mozorroa"

Atxilotuei Ogasunaren aurkako delitua egotzita, PP eta PSOEren egoitzetan gertatutako "korrupzio operaizoetako argazki bera errepikatu nahi izan dute gaur". Abokatuen arabera "korrupazioaren mozorroa" baliatuz, "espainiarrei sinestarazi nahi izan diete hemen ere korrupzioa badela", baina saiakera antzua izan da. "Hemen jendeak badaki lan boluntarioa egiten dela, herriarekiko konpromisoa dutela abokatuek". Olatz Talavera abokatuaren hitzetan "jazarpen ideologiko eta juridiko baten aurrean gaude". Horregatik bukatu du agerraldia atxilotuen "beheralako askatzea" eskatuz.

Iñaki Goioaga abokatuak ere parte hartu du prentsaurrean. Operazio honetan inputatua izan den arren, ez dute atxilotu, senataria izanik, aforatua delako. Egoeraren zentzugabekeriaren adibide bat aipatu du Goioagak. "Miaketa-autoak dio LAB sindikatuaren egoitzan langileen eskubideak urratzen dituzten delitua egin dela, zentzugabea da erabat".

Senide batek URIOLAri jakinarazi dionez, bihar emango dute ezagutzera polizien deklarazioa eta, ondorioz, atxilotuak etzi -asteazkena- pasako dira epailearen aurretik.

 

[2015/01/12] Abokatuen aurkako Guardia Zibilaren operazioa

[2015/01/12] Ainhoa Etxaide: "Berriro salatu behar dugu askatasun demokratikoaren aurkako eraso bat"

[2014/01/09] Bilbo Zaharrean olerki artean salatu dute Mikel Etxabururen auziperatzea

[2014/01/09] Elkarretaratzea egingo dute Bilbo Zaharrean Mikel Etxabururen auziperatzea salatzeko