Aitziber Virgel: “Begoñako igogailuaren prozesuaren atzean ibiliko gara luza ez dadin”

Erakundeei zein justiziari "arintasuna" eskatu die Uribarriko Gure Etxea elkarteko eledunak bilbotarrek "lehenbailehen" Begoñako igogailua erabil dezaten. Virgelen iritziz, "auzotarren lana" izan da erakundeak igogailuaren itxiera ekiditeko akordiora behartu dituena.

Abuztuaren amaieran Asier Abaunza Garraio zinegotziak Begoñako igogailuaren inguruan Udalak eta Eusko Jaurlaritzak sinatutako akordioaren berri eman zuen. Aipatutako akordioaren arabera igogailua, hainbat gestioren ondoren, Udalaren eskura pasatuko da eta doakoa izango da. Prozedura horrek dirauen bitartean, Metro Bilborekin adostu bezala, Begoñako igogailuaren bezeroek Metroko igogailua Begoñakoaren salneurri berean erabili ahal izateko txartel berezi bat kaleratuko dute.

Begoñako igogailuaren inguruan Eusko Jaurlaritzaren eta Bilboko Udalaren arteko akordioaren zein irakurketa egin du Gure Etxea elkarteak?

Irakurketa ona, baikorra. Igogailuaren behin betiko itxiera saihestea Gure Etxea elkartearen eta Begoñako igogailuaren aldeko plataformaren lanaren ondorioa da. Bilera izan genuen abuztuaren amaieran Udaleko ordezkariekin, eta orduan jaso genuen berri ona; igogailuaren jabetza Udalaren eskutara pasako zela eta honek doako zerbitzua ezarriko zuela, gainerako udal igogailuetan doakoa den moduan. Guzti hori prozesu luzea izango da, eta epeka egingo du aurrera.

Zein pauso eman behar dira igogailua berriro ere zabaltzeko?

Lehenik, Eusko Jaurlaritzak -igogailuaren jabeak- garraio zerbitzua eskaintzen zuen enpresa -Ascensores de Begoña SA- epaitegietara eramango du. Auziak epaileen esku ahalik eta lehen emaitzaren bat izatea espero dugu. Ondoren, Jaurlaritzak igogailuaren egoera aztertuko du eta bere berrikuntzarako diru poltsa bideratuko du. Orduan utziko dio jabetza Udalari. Guk prozesuaren jarraipena egingo dugu, pausoz pauso, luza ez dadin. Begoñako igogailuaren zerbitzua lehenbailehen abian jartzea ezinbestekoa da, doako zerbitzua ematea, Begoñako auzotarrentzat eta oro har bilbotar guztientzat.

Zein iritzi duzu Metroko igogailua Begoñakoaren salneurri berean erabili ahal izateko txartelari buruz?

Auzotar batzuk Metroko igogailua erabiltzeko txartel berezia eskatu dute, baina ez Begoñako igogailuaren jarraipena. Guk ez dugu eskaera hori konpartitzen Begoñako igogailuaren premia handia dela uste dugulako. Prozedura guztia arin burutzen ez bada, behin behineko txartel hori tranpa bihur daiteke. Erabiltzaileak kaltetuko ditu.

Igogailuko lau langileen egoeraren inguruan baduzue berririk?

Udalak horren harira ez du ezer ere aipatu. Langileak Udalaren esku dauden igogailuetan birkokatzeko eskatu du gure elkarteak behin eta berriro, baina erantzunik ez. Gainera, langileek txartel salmenta egiteaz gain, segurtasuna bermatzen zuten Begoñako igogailuaren goi eta behe aldean, eta behargin gabe, instalakuntzak guztiz ziurrak ez diren guneak izango ditu.  

 

[2014/08/29] EHBilduk bat egin du Begoñako igogailua Udalaren esku uzteko sinatutako akordioarekin

[2014/08/28] Begoñako igogailuak zerbitzua ematen jarraituko duela azaldu du Gure Etxea auto elkarteak

[2014/07/23] Begoñako igogailuaren berriak biltzen dituen bloga abian da

[2014/07/14] Garraio Sailak Begoñako igogailuaren auziari behin behineko irtenbidea emango diola iragarri du

[2014/07/09] Begoñako igogailuko ateak itxita

[2014/07/08] Begoñako igogailuaren itxiera

[2014/07/04] Herritarren babesa jaso du Begoñako igogailua ez ixteko eskaerak

[2014/07/03] Elkarretaratzea Begoñako igogailuaren itxieraren aurka

[2014/06/16] Bidaiarien sinadurak Begoñako igogailuaren itxiera galerazteko

[2014/05/20] Ekainaren erdialdean Begoñako igogailua ixtea erabaki du jabeak

[2014/02/27] Begoñako igogailuaren etorkizunarekiko konpromiso eza EAJren aldetik

[2014/02/20] Akordiorik ezean, Begoñako igogailuak gaur etengo du zerbitzua

[2014/01/31] Begoñako Igogailuaren jabegoa Bilboko Udalari lagatzeko eskatu dio EH Bilduk Jaurlaritzari

[2013/11/08] Inkesta: Zer deritzozu Begoñako igogailuaren balizko itxierari?