Protestan, Ibai Bilbaok, Etxerateko kideak azaldu duenez, Jonek, bere bikotekideak eta haien semeak asteburuan Tuteran izandako istripua "oso larria" izan da. Gogora ekarri du, Jonek bizitza osoa eman duela "bizia jokoan jartzen dispertsioaren ondorioz".
Etxeraten izenean, Bilbaok azpimarratu nahi izan du, pairatzen dituzten "istripuak ez direla kasualitatea, kausalitatea baizik"; eta errepresaliatu politikoak "dauden tokian daudela bisitatzen jarraituko dutela".
Estatuko errepideetan batetik bestera 25 urte eman dituztela mahaigaineratu du, eta "politika hiltzailea den sakabanaketak" 16 lagun hil dituela denbora horretan. Sakabanaketa "mendeku hutsa" dela argi daukate errepresaliatu politikoen senide eta lagunek eta 2014ko datuak "ikaragarritzak" jo dituzte; bederatzi hilabetetan bederatzi istripu egon baitira.
Jone Artolaren egoera
Bilbaok elkarretaratzean parte hartu duten lagunei azaldu die, Jone umorearekin dagoela eta "asko eskertu dituela egun hauetako elkartasun mezuak"; baina "protesta egiten jarraitzeko beharra" ere aipatu duela. Ebakuntza gaur egin beharrean, ostiralera atzeratu diote.
Bukatzeko, Etxeraten izenean, ostiralean 18:00etan, Sabin Etxean egingo den ostiraleroko elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatu du Bilbaok eta larunbatean, Miribillan Sarek antolatutako sakabanaketaren aurkako ekitaldian ere.
[2014/09/12] Irailaren 20ko ekitaldia jendetsua izango dela aurreikusi du Sarek
[2014/09/15] Jone Artola Tuterako ospitalean zainketa berezietan dago
[2014/09/15] Basurtuko ospitaleko behaketa gelan dago Jone Artola eta ebakuntza egin beharko diote