Arresek atzo Uriolari esandakoaren arabera, gainontzeko gazteen deklarazioak entzutea benetan "gogorra eta mingarria" izan zen; "torturatu zituzteneko datuak entzutea latza da".
Gaur goizean, Loiolan atxilotutako bost lagunak Xabier Arina, Imanol Salinas, Igarki Robles, Jazint Ramirez eta Irati Tobar, Auzitegi Nazionalera eraman dituzte beste 23 gazteekin batera, eta Loiolan atxilotutako bostak kartzelara bidaltzea erabaki du auzitegiak. Besteak beste, Xabat Moran eta Ikoitz Arresek deklaratu dute gaurkoaan eta gainontzekoek bezala, defentsaren erantzunei soilik erantzun diete.
Arratsaldeko 16:15 aldera hasi da Ikoitz Arreseren deklarazioa. Hodei Iruretagoiena eta Alberto Pradilla Berria eta Naizeko kazetarien twitterretik jakin dugunez, Ikoitzek argi utzi du Ikasle Abertzaleak erakundeko kidea izan dela DBH 2. edo 3. mailatik, " IAn militante politikoa izan naiz".
Ustez Segik antolatutako Udako Eskoletara joatea egotzi diote Ikoitzi, baina poliziek bertan egon zela esatera "behartu" zutela azaldu dio epaileari.
Ikoitzek ere inkominikazioa gertutik azaldu du, bere hitzetan "tratua beldurgarria izan zen; mihaketan mehatxuak hasi zitzaizkidan: seguru badakizula zer gertatuko zaizun Madrilen". Gainera, komisaldegitik irteterakoan "osakidetzako langile bezala identifikatzen ziren bi pertsonak zortea opatu" ziotela gehitu du.
Madrilerako bidaian, berari ere begiak estali zizkioten, "zorabiatzen" zela adierazi dio Angela Murillori eta "jo egiten" zutela "lo ez hartzeko". Madrilera heltzean "presioak jasan" zituela salatu du; "biluzarazi, kolpeak jaso, bultzadak eta elektrodoarekin mehatxu egin zidaten". Bestalde, Polizia batek "pistola bat atera eta buruan jarri" ziola azaldu du, "kargatu egin zuen eta gainbehera etorri nintzen", beste polizia batek gelditzeko esan ziola gehitu du.
Auzi medikuarengana joatean "testigantza epaileari helaraziko ziola" esan zion, "baina filtrazioak egon zitezkeela, poliziek jakin zezaketela".
Ikoitzek Murillori azaldu dio, IAkoa soilik zela ikustean, "beste eragile eta pertsona batzuk Segirekin lotzea nahi zutela".
Xabat Moran: "Zure buruak krak egitea lortzen dute; zure gorputza badago, baina burua haiena da"
Xabat Moranek, 12:30ak aldera hasi du bere deklarazioa. Epailearen aurrean esan duenez, berak ez du "erakunde terrorista batean militatu; Euskal Herriaren askatasunaren alde lan egin" du.
Torturen inguruan gehitu du, "buff batekin burua estali" ziotela eta bidaia osoan "kolpeka" ibili zitzaizkiola. Gainera galdeketen gelara sartu behar zuen bakoitzean, biluztera behartu zutela gehitu du eta "hanka baten gainean egon behar" zuela; "boltsa aplikatu" ziotela eta, bere neska laguna "bortsatzen" ari zirela errepikatzen ziotela.
"Zure buruak krak egitea lortzen dute; zure gorputza badago, baina burua haiena da, ez nintzen nire ekintzen jabe" esan dio Xabatek epaileari eta Marlascaren aurrera eraman baino ordubete arinago biluzik zegoela adierazi du, "jada ez nuen minik ere sentitzen, ez nuen ezer sentitzen" eta deklarazioa sinatu ondoren ere "torturekin" jarraitu zutela. Bestalde, "shock" egoera batean aurkitzen zela argitu du; auzitegi medikuari egoeraren berri eman ziola, baina honek "zelako pena, bazirudien ondo joango zela" erantzun ziola.
Auzipetuen aldeko protestak
Atzo arratsaldean, 20:00etan, manifestazio jendetsua abiatu zen Karmelo plazatik Xabat Moran eta Ikoitz Arrese gazteei, zein beste guztiei, babesa helarazteko.
Bestalde, bihar, irailak 24, 09:00etan, elkarretaratzea deitu dute Bilboko Buenos Aires kaleko epaitegiaren aurrean "Gora herri harresia! Epaiketa politikorik ez!" lelopean.Bertan, 5 lagun epaituko dituzte Ondarroako Zubi Harresian parte hartzearren.
[2014/07/03] 28ak Libre taldeak Santutxun lehen asanblada egingo du
[2014/07/10] Libre dinamika abiarazi dugu Santutxun
[2014/07/18] Argazki erraldoia egin dute Santutxun Libre dinamika babesteko
[2014/09/22] 28 gazteen aurkako epaiketa gaur goizean hasiko da Madrilen
[2014/09/22] Berrabiarazi dute gazte independentisten aurkako epaiketa